Joxemari Carrere Zabala
Antzerkiaz ideiarik ez
(Hika, 177zka. 2006eko maiatza)

            Lagun batekin topatu naiz. Zertan nenbilen galdetu eta nik erantzun hutsune hau nola demontre bete asmatu nahian nengoela. Galdetu diot, erdi txantxetan, ea ideiaren bat ba ote zuen berak. Bere erantzuna: “Nik, jende normal guztiak bezala, tutik ez dakit antzerkiaz”. Etxera heldutakoan pentsakor gelditu naiz esan duenarekin, izan ere lagun honek baditu izan kultur kezkak eta literatur zalea da, baina antzerkiaz tutik ez dakiela dio. Antzerkia maite dugunontzat kezkagarria beharko luke izan hau. Gainera jende normal horrek (nahiz eta erdi txantxetan esan) errealitatearekin topo eginarazten digu. Ez dut uste, dena dela, normala izateko futbola, telebista edo mundu guztiak dituen zaletasunak eduki behar direnik, baina antzerkiak gure jendartean duen harreraren seinale izan daiteke.
            Eta Euskal Antzoki Sarearen (EAEko noski) balantzearen gaineko informazioa irakurtzen dut. Beti bezala balantze kuantitatiboa egiten da, alegia, zenbat ikuskari antolatu diren, zenbat jende agertu den, zenbat... Portzentaiak, zenbakiak. Ikuskari ikusienak; euskarazkoak, helduentzat, haurrentzat. Euskarazko emanaldien txikitasuna eta horren gaineko kezka. Zer esango dizuet nik, badakizue, balantzeak. Horren arabera egingo da gure komunitate autonomoan arte eszenikoen gaineko balantzea, eta noski pozik agertzen dira (euskararen kezka sozio-linguistikoa kenduta) zenbakiek gorantzako joera dutelako. Inondik inora ez dut irakurtzen, ordea, zein irizpideen arabera antolatzen den sare hori, edo ikuskarien gaineko balorazioak, edo zenbaki gorakada hori euskal antzerkigintzaren sendotze eta zabaltze batekin bat datorren.
            Beste berri bat dakar egunkariak. Debako XX Antzerki Jaialdia martxan da. Hogei urte borondatezko lana egiten antzerkiaren alde. Agian jaialdi honen emaitza numerikoak ez dira agertuko beste balantze horretan, baina Goaz antzerki taldeko kideei esker antzerki giroa bada kostaldeko herri horretan. Eta antzerkiaren harrobia den teatro amateurra bultzatzen, edo behintzat egunkarietako orrialdeetara ekartzen. Lukax Dorronsororen hitzek bestelako balantzearen irizpidea agertzen dute: “Antzerki amateurra beharrezkoa da. Bestela, herria ikusle huts bihurtzeko arriskua dago”. Eta kakoa hemen dagoela iruditzen zait. Beharrezkoa da ikuskari profesionalak antolatzea, gozatzeko parada emateaz gain (ez beti), ikasteko bidea ematen digutelako ere; baina hori bezain beharrezkoa da edozein herritar bere zaletasunen subjektu aktiboa izatea.
            Gaur egungo antzerki politikek ez dute halakorik bideratzen, ikastaro formal batzuen bitartez ez bada. Ikastaroen gaia beste baterako utziko dugu, luze joko luke eta. Arazoa da, ordea, ikusle pasibo eta bideratuak bihurtzen gaituztela, ematen diguten menua protestarik gabe jateko baino beste aukerarik ez dugularik. Horrela ez da harritzekoa nire lagun honen komentarioa. Gero eta emanaldi gehiago antolatuko dira, zenbaki orokorretan jende gehiago agertuko da ikuskarietara, baina, bizitzaren beste arlotan bezala, kontsumitzaile hutsak baino ez gaituzte bihurtzen ari. Eta horrela kultur politikari lokatzezko zutabeek helduko diote.