Joxemari Carrere Zabala

Zer nolako antzerkia nahi dugu?

(Hika, 200-1zka, 2008ko iraila)

            “Esanahi zehaztugabe asko ditu Antzerkia hitzak. Munduko alderik gehienetan, antzerkiak ez du leku zehatzik, helburu argirik jendartean, eta zatitan baino ez da existitzen: antzerki batek dirua bilatzen du, beste batek handitasuna, hark politika, besteak dibertsioa”1. Honela idazten zuen Peter Brook-ek antzerkigintzaren klasikoa bihurtu den Espazio hutsa saiakeran. Jakina, proposamen guztiak bezala aldeko, kontrako eta erdibideko iritziak izango ditu, eta defenditu edo arbuiatu beharrean, antzerkigintzan gogoetaren beharra aldarrikatzea baino ez da gure asmoa.
            Baina ez zaio arrazoia falta Brooki; izan ere antzerkia hitza eta bere bideak anitzak direla aipatzen duenean, beraz, zelako antzerkia egin behar den, zein den egokia, zein den beharrezkoa, egokia edo zuzena eztabaida antzua litzateke, izan ere nor da nor beste bati esateko zer egin behar duen eta nola, azken finean, sormen prozesuak, bateko edo besteko, arrazoi pertsonaletan oinarritzen baitira, direnak direla. Esan nahi al du horrek, ordea, eztabaidak baztertu, saihestu edo alboratu behar direnik? Erlatibismo totalean erori behar al dugu egiten den guztia onartuta norberak nahi duena egin dezakeela aldarrikatuz? Akritizismoa al da sormena libre izateko baldintza? Ez, alajaina!
            Gogoeta gabezia litzateke gaur egun euskal antzerkiaren eritasunik larriena. Honek ez du esan nahi norbanako edo talde txikietan eztabaidatzen edo gogoetarik egiten ez denik, ez dugu uste halakorik erabat desagertu denik; ordea, gabezia gogoeta publikoetan ikusten dugu, eztabaida zabala euskal antzerkigintzan, non era guztietako bideak, iritziak, proposamenak azaltzen diren elkarrekin sozializatuz. Berehalakotasunaren jendarte honetan arnasa hartzeko astia beharrezkoa zaigu, euskal antzerkia non dagoen, nondik heldu den eta norantz abiatu nahi duen argitzeko. Euskal jendartearen ajeek antzerkigintzan ere eragina dutela ez dugu ukatuko; honek ordea akuilua beharko luke izan antzerkia ere alde aktiboa izan dadin bizi dugun jendartearen jitean.
            Kezkagarria da, ordea, Alfonso Sastre bezalako antzerkigile batek horrelakoak idaztea, kasu honetan aktoreez ari dela: “Aktore batzuetatik ezagutzen da bere pentsaera, baina hala izan ohi da bere iritziak halako foro batzuetan azaltzen dituztelako edo bestelako ekintza publikoetan agertzen direlako, kale manifestazioak edo antzeko; baina ez beraiek egin izan dituzten antzerki lanetan ageriko bide bat jarraitu izan dutelako; eta sinesgarriena da pentsatzeko lan hau zuzendari eta ekoizleen gainean utzi izatea, beren interpretazio ahalmenak baliatzen dituztenak.”2 Horrela izango ote da? Aktoreek pentsatzeari utzi ote diote euren lanari dagokionean? Ez ote diote garrantzirik emango euren lanaren eraginari edo esanahiari? Nahikoa ote da “lana da behintzat” norbere burua lasaituko duen justifikazio bat bilatzeko? Eta azken hau horrela bada, ez ote da ezkutatzen komentario horren atzean aktore lanaren prekarietatea?
            Sastrek egiten duen komentarioa zuzena izan ala ez, kezkagarria dena da egia zantzuak badituela; beraz, aktoreak euren lanaz pentsatzen eta gogoeta egiten jartzen ez badira nola agertuko da egile madrildar-hondarribiarrak aipatzen duen “ageriko bide bat”? Baina ez bakarrik aktoreak norbanako hartuta, baizik orokorrean aktore langintzaren bide (edo bideak) jarraituak; euskal aktoregintzaren eboluzio intelektualari zein praktikoari nola egin jarraipen txukuna?
            Ez dezagun ordea, aktoreen gainean arduraren zama guztia utz, antzeko kritikak egin baitiezaiokegu antzerkigintzan parte hartzen duten beste hainbat eragileri: ekoizleak, zuzendariak, idazleak, programadoreak… Bakoitzak bere ardura berezkoak izango ditu eta bakoitzari zorroztu beharreko punta kamutsa bila diezaiokegu. Dena dela orokorreko ikuspegia hartu beharko genuke euskal antzerkigintzaren egoera aztertzerakoan. Ez du balio bakoitzak bere aldea zaintzea (eta maiz bere burua baino ez), norbanako irtenbideak egoera larriagotu baino ez dute egiten. Baina, jakina, merkatuaren legeak ez ditu maite antolatze zirikatzaileak (ez badira, noski, merkatua beraren legeak ezartzen dituztenenak).

KULTURAREN MERKATUA

           
Izan ere, kulturak ez die ihes egiten beste arlo ekonomiko batzuetan ezartzen diren arauei, hau da, etekin ekonomikoak bestelako baloreen gainetik jarriz eta ikerketa zein balorazio kuantitatiboak kualitatiboen gainetik jarriz. Kulturaren kasuan, eta ondorioz antzerkigintzarenean, arbuiagarriagoa dugu merkatuaren antolatzea, hain zuzen ere, kontratatzaile nagusiena (ia erabatekoa) administrazio publikoa baita.
            Suposatzen da administrazio publikoaren helburua jendartearen bizi kalitatea igotzea eta kulturari dagokionez herritarren kultur maila indartzea eta areagotzea dela, horretarako era guztietako ekitaldiak sustatuz eta kultura herritarren esku utziz, ez bakarrik jasotzaile pasibo gisa, baita, eta batez ere, bere kultur kezken eta nahien eragile aktibo moduan, direnak direla. Gertatzen dena da, ordea, gaur egun nagusitzen den bidea pasibotasunarena dela, kultur kontsumo soilarena, beste edozein ekoizpen komertzialen moduan, hori bai, “kulturak libre egiten gaitu” lelo hustua bezain zalantzagarria aldarrikatuz.
            Eta, hala ere, leloa egia balitz, nola aska gaitezke kulturak askatasun eredugarri horren nondik norakoak eta uhalak eramateko trabak eta, maiz, debekua ezartzen bazaizkigu? Nola baliarazi kulturak eskaintzen digun ustezko askatasun hori, askatasunik ez badugu gure egitasmoak, desioak, burutazioak eta, zergatik ez, harrikadak aurrera eramateko biderik? Nola aurrera egin, ikertu, bide berriak arakatu kulturaren merkatua balantze ekonomikoen eta politikoen menpe badago? Eta guzti honek zentsura berri baten aurrean jartzen gaitu: hain zuzen, merkatu horren legeak betetzen ez dituena baztertua, zokoratua, alboratua, eta askotan boikoteatua izango baita.
            Hau horrela izanik, antzerkiaren zirkuituetan burua sartu nahi duenak (instituzionalak denak, ez dezagun ahaztu) lege horiek jarraitu beharko ditu. Eta eragin nabarmena edukitzen ari da politika instituzional hau, izan ere euskal eskenatokietan gero eta ekoizpen mamirik gabeko gehiago erakusten baitira. Merkatu horrek ezarritako idatzi gabeko legeetara egokitu beharko dira sortzailea eta ekoizlea beren lanak ikusiak izan daitezen nahi badute. Honek ekarriko du kontatu nahi denari baino kontratatzaileak eskatzen duenari egokitu beharra ekoizpena. Jakina, badira ekoizpenak eta proposamenak hortik kanpo ibili nahi dutenak, halako baldintzarik gabe bestelako antzerki lanak eskaini nahi dituztenak; euren apetei jarraituz, ordea, bazter bideetara izango dira bultzatuak, bigarren mailako zezen plazetara.
            Gaur egungo “norberak bere lepoa salba dezala” ideiaren aurrean, euskal teatroa nolabaiteko bertebrazio faltan dago. Kanpoko begirale batek ikusiko balu gure antzerkigintza, segur aski ez luke inongo berezitasunik sumatuko beste lurralde batzuetakoekin konparatuta; agian hizkuntzarena, baina hori behar bada alde artistikotik baino bitxikeria linguistikotik ikusiko luke. Ez dugu orain eta hemen baieztatuko antzerkia jendartearekin bat etorri behar denik, ezta honen mugimenduekin identifikatu, are gutxiago jendarte horren askatzeko bideak erakustera; ez dugu uste gainera hala izan denik, ezta helburua hori denik ere. Baina bizi den jendartearen arazoen, kezken edo eboluzioen berri edo, behintzat, gogoetak islatzen ez dituen antzerkia kontsumorako ekoizpen soila baino ez da izango, diru laguntzak eta emanaldiak kontrolatzen dituztenen gora beheren menpe egongo dena. Eta antzerkiak, ekintza intelektuala eta artistikoa den aldetik, morrontzetatik ihes egiteko beharra dauka, bere proposamenak aurkeztuz jende aurrean, zintzoak eta humanitatearen alde.
            Jakina, esango du norbaitek, baina bizi ere egin behar da, ez gara iraultzen garaian bizi. Egia da, izan ere antzerkigintzan agertzen diren arazoak ez dira jendartearen bestelako arlotan agertzen direnen aldean oso ezberdinak; baina guk baino hobeto azaltzen du Dario Fo antzerkigile eta aktore italiarrak konpromisoaren gaineko arazoa: “Bueno, arazoa dago hain zuzen okertzeak ez izatean, zure lana zuzen transmititzea… erabilia ez izatea lortzea. Batez ere, zure atzean ate bat zabalik edukitzea ziztuan alde egiteko… engainatzen zaituztela sumatzen duzunean. Gainera, zeure buruarekin, zeure gogoarekin eduki behar duzun etengabeko eztabaida dago, zeure koherentzia eta duintasunarekin; etengabe zeure buruari galdetu: “Zertan ari naiz? Izorra nazaten utziko al diet? Non egin dut atzera?”3.
            Askotan konpromisoarena modu okerrean ulertu izan da, alegia, honako edo halako lerrokatzearekin. Baina antzerkiarekiko konpromisoak, gaur egun, Euskal Herrian, esan nahi du gogoeta sakona egin behar dugula daramagun bideaz, aipatu bertebrazio hori nola demontre bideratu daitekeen, edo, nork daki, beharrezkoa ote den; baina, batez ere, geure buruei galdetu beharko diegu ez ote garen izango egun garatzen eta inposatzen ari den kultur eredu baten transmisoreak, edo nahi gabeko laguntzaileak. Gogoeta honetan antzerkigintzaren sektore ezberdinek izango dute zer eskaini, erori gabe definizio antzuetan edo, garai batean bezala, pastelaren zatiak nola banatu eztabaida lukurreruetan jausiz.



_____________________
OHARRAK

1. Brook, Peter. El espacio vacío. Arte y técnica del teatro. Ediciones Península, Barcelona. 1986.
2. Sastre, Alfonso. Grandes paradojas del teatro actual. Hiru argitaletxea, Hondarribia, 2007.
3. Fo, Dario. Manual mínimo del actor.