Juan José Larrea

La Navarra Marítima edo historiagintza zer ez den
(Hika, 165 zka. 2005eko apirila)

1998. urtean T. Urzainqui eta J. Mª de Olaizolaren La Navarra Marítima [NM aurrerantzean] argitara eman zenetik, dibortzio bat gertatzen ari da, bitxia bezain deigarria. Liburu dendetako erakusleihoei edo NMren itzalean agertu den izenburu sortari begiratu bat ematea besterik ez dago, irakurleen artean lan hauek izan duten eta duten arrakasta nabarmentzeko. Joan den urtean Antso Nagusiaren milurtekoaren ospakizunek eta honen inguruko eztabaidek –eta liskarrek— publikoaren harrera ona eta hedabideetako oihartzuna areagotu dituzte. Aldi berean, baina, eta proportzio berean, apika, liburu hauek atsekabe mingotsa sortu dute euskal unibertsitateetan dihardugun historialari profesional zenbaitengan. Ziurrenik, zintzo joka dezadan hasieratik, arrakastak eman die NMri eta haren ondorengoei guretzako ukitu garratza, bestela bitxikeria gisa baizik ez baikenituzke kontsideratuko. Kartak mahai gainean, beraz.

Agian arrakastaren eragin mikatza aitortu izanak irribarreño maltzur bat marraztu dizu ezpainetan, irakurle. Gauza naturalagorik ez dago. Baina alferrik jarraituko genuke bide horretatik, frontoian bageunde bezala: korporatibismoa hemen, afizionatuen lana han… Nafarroako historiaren gaineko ikerkuntzan aritutako erdiarolari eta EHUko irakaslea naizen aldetik, dibortzioaren alde batean nago. Zergatik azaltzera nator. Ez kezkatu: nire azalpenak ez du jardungo, ezta urrik eman ere, Swinthila-ren 621. urteko kanpainaren gainean edo morrontzaren lehen lekukotzen testu-kritikaren arazoez. Guztiz bestelakoa da funtsezko arrazoia, eta lehenagokoa, eta horrek eransten dio interes orokorrago bat, hala nik uste, artikulu honi. Azken batean lerro hauen muina, hau da: historia, diziplina zientifiko edo akademiko moduan ulertua –alegia, ez iraganaren sinonimo— zer den, eta bereziki, zer ez den. Berriro ere, ez larritu: ez ditut plazaratuko historiaren teorikoen hausnarketa sakon korapilotsuak, profesionalak ez direnentzat erretorika hutsaren doinu bat baino ez baitira. Aitzitik, hemen aurkezten den kodea ezaguna egingo zaio edozein lan intelektualetan aritzen den orori.

NORI BEREA. NMn bereziki, baina ez hor bakarrik, egileek sutsuki eta gartsuki azpimarratzen dute euren tesiak berritzaileak ez eze, iraultzaileak ere badirela; are gehiago, oraintsu arte beste batzuek nahita estalitako errealitate historikoak iluntasunetik askatzera omen datoz. Horretarako erretorika bizi koloretsua erabiltzen dutela, ezin uka. Hala, NMn salatu egiten da errealitate historikoa estaltzeko teloi bat ehundu duen ahalegin deliberatu eta tematia, euskaldunoi geure iraganaren oroitzapena lapurtu diguna (17-18. or.). NM gezurrak erabiliz egin den teloi hau urratzera dator, eta horri esker benetako paisaje distiratsua den errealitate ezkutua jartzen omen du gure begien aurrean (301. or.). M. Soraurenen Historia de Navarra, el Estado Vasco lanari eginiko hizaurrean (13. or.), K. Martínez Gáratek ohartarazten gaitu “del papanatismo de tantos pseudohistoriadores pagados por los estados que controlan y dirigen nuestros destinos” eta liburuak tratazen duenari buruz orain arte publikatu den gehiena, zera dela esaten digu: edo oso kalitate urrikoa, edo okupatzen gaituzten estatuen apologia nabarmena.

Horrelako baieztapen borobilek baldintza bat bakarrik bete behar dute erabiliak izateko, eta besteok onart ditzagun: egia izatea, egia baieztapenok bezain borobila. Horrela ote da? Emaiegun begiratu bat ondorengo pasarteei. Izan ere, Euskal Herriaren iraganaz NMn eta haren ondorengoetan eskaintzen den ikuspegiaren hezurduraren hainbat atal nagusi, argi eta garbi, irakurtzen dira:

* Euskaldunen independentzia politikoa eta gizarte-berezitasuna Erromatar Inperioa haustean: “Durante el resto del siglo V y gran parte del VI las crónicas dejan de hablar de los vascones, y cuando algo dicen es para presentarlos como pueblos independientes, no sometidos ni a francos ni a visigodos (…) en este largo período de vida independiente, los vascones reafirmaron su organización ancestral (…) Estas luchas [con francos y visigodos] contribuirían a forjar nuevas estructuras políticas entre los vascones de las dos vertientes del Pirineo”.

* Gizarte-nortasun berezia Iruñeko erreinua sortzerakoan: “Esta población [Orregako batailaren ostean] (…) era vasca de lengua, y con una estructura social netamente diferenciada de la de los países circunvecinos”.

* Iruñeko erregeak ‘euskaldunen buruzagiak’ bezala aurkezten dituzten testu-aipuak: “… casarían con los hijos de Iñigo Sánchez ‘rey de los Vascos’, según Ibn Hazm; otra nieta, Oria, hija ésta de Musa ibn Musa, casaría con García, también ‘rey de los Vascos’, según el mismo autor”. “Sancho, hijo de García, [Antso Gartzeiz III. Nagusia] señor de los Vascos”.

Euskaldunen naziokidetasuna eta Iruñeko erreinuarekiko lotura: “… ocupa territorios [Antso Gartzeiz I (905-925)] que excedían de los límites patrimoniales (…) – y aún de las zonas de habla vasca, que en cierto modo podía considerar como de connacionales oprimidos”.

Araba eta Gipuzkoaren konkista gaztelauaren bidegabekeria: “[1198an] venía rondándoles [Gaztelako eta Aragoiko erregeei] la aspiración de repartirse amigablemente el reino de Navarra (…) El pueblo navarro no sabía cómo evadirse de la tempestad que se le venía encima (…) La amputación de Alava y Guipúzcoa era la medida más grave tomada contra el reino de Navarra desde su restauración en 1134 (…) Durante varias generaciones, siguieron los navarros mirando a esos países como tierras irredentas…”

Pasarte hauek J.Mª Lacarra-renak dira (Historia política del Reino de Navarra desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla, 21, 47, 86, 128, 187 or., eta Historia del Reino de Navarra en la Edad Media, 228-231 eta 235 or.). Behin ere ez dira liburuok aipatzen NMren oharretan. Navarra Estado europeo liburu berriagoan, ordea, bai kokatzen du Urzainquik Lacarra, besteak beste Antonio Ubietorekin batera, garai bisigotikoaz tesi zuzenak defendatu dituztenen artean. Hori bai, argitzen digu, “sin poder contar con los medios de difusión que proporciona el aparato docente estatal español” (30. or). Irakurle arruntak ez du arrazoirik hemen gauza berezirik ikusteko; 1940-1980 urteetako Erdiarolaritza eta unibertsitate-ingurua ezagutu dituena, ordea, ahoa bete hortz. José Mª Lacarra (1907-1987) XX. mendeko espainiar Erdiarolaritzaren figurarik gailenetakoa dugu. C. Sánchez-Albornozen laguntzailea 1936 arte, Zaragozako Unibertsitateko Erdi Aroaren Historia katedraduna 1940an, Príncipe de Viana erakundearen lehen eragileetarikoa, Centro de Estudios Medievales de Aragón-eko sortzailea, Zaragozako Filosofia eta Letren Fakultateko Dekanoa 1955-1968 artean, Real Academia de la Historia-ko kidea 1972tik… Harenak ez dira outsider baten hitzak, edo frankismoaren garaiko inguru akademikoan baztertutako batenak. Eta gaur arte Nafarroako Erdi Aroaren historiaz dagoen sintesirik aberatsen, ospetsuen eta errespetatuenean daude. Bitxikeria bat da hau, irla bat zeharo bestelakoa den itsaso batean, azken batean Lacarra nafarra zelako? Ez. Euskal Herriaren gizarte-berezitasuna eta independentzia politikoa Erromatar Inperioa hausten denean, demagun, Julio Caro Barojaren gerraosteko lanetan aurkitzen da (lehenik eta behin, 1943an argitara eman zen Los Pueblos del Norte liburuan). Eta haren ondoren, ildo beretik, 1965an Boletín de la Real Academia de la Historian, Madrilgo eta Salamancako unibertsitateetan irakasten zuten A. Barbero eta M. Vigil-ek “Sobre los orígenes sociales de la Reconquista: cántabros y vascones desde fines del Imperio Romano hasta la invasión musulmana” argitaratu zutenetik oraintsu arte, gai horri buruzko azalpen standarra izan da, unibertsitateetan irakatsia eta esku-liburuetan jasoa.

Ez dut honekin esan nahi ideia originalik ez dagoenik liburu hauetan. Ezta ere lanotan defendatzen den guztia unibertsalki onartua dagoenik bibliografia berezituan eta historialarion inguru profesionalean. Esan nahi dut –eta historiografian murgiltzea besterik ez dago— ideia, tesi, interpretazio asko eta asko ezagunak direla, zaharrak, eta inongo muzinik egin gabe historialari anitzek, hemengoek eta hangoek, eskola zaharreko instituzionalistek nahiz 70ko hamarkadan gailendutako marxistek, onetsi eta irakatsi dituztela, Valladoliden zein Gasteizen. Eta ez bigarren mailako ideiak, baizik eta, gorago aipatu ditudanak bezala, ikuspegi berritzailearen zutabe nagusiak direnak. NM bezalako liburu batean, egileek iturrien gainean burututako ikerkuntzaren emaitzak aurkezten dituztela esaten baitute, eta gainera emaitzok iraultzaileak direla sostengatzen baitute, argi baino argiago utzi beharko lukete zer den eurena, eta zer ez. Bestela, fede oneko irakurle ez profesionalak —hau da, gehien-gehienak— engainatzen baitituzte. Agian ez nahita: nik ez dut inoren asmoak epaitzeko gogorik batere. Baina, historian, bizitzan bezala, bakoitzari berea.

GARDENTASUNA. Historiagintzan aztertzen diren prozesuak iraganeko biziari baitagozkio, ezin daitezke laborategietan berregin, Kimikan bezala, komunitate zientifikoak emaitza berriak onar ditzan, edo errefusatu. Horrek, baina, ez du esan nahi gainerako ikertzaileen kontroletik at geratzen direnik, ezen, hala balitz, eztabaida zientifikoa gabe, kafetegiko tertulia bat baino ez baikenuke izango. Tesi berri bati eusten dioten material multzoa zein arrazoibidea ahal den gardentasun eta xehetasun handienaz azaldu behar da. Ahal bada, frogabidearen dotorezia eta aurkezpenen txukuntasuna ere ez daude soberan, baina ez dira nahitaezkoak. Dakusagun orain NMko adibide bat. Ez da argudio zentrala liburuaren tesietan, baina oso ondo erakusten du metodoa. Eta gertaera hutsei dagokienez, arazoaren aurkezpena errazten du, ez gara-eta kontzeptu konplexuen labirintoetan galduko.

«Génesis del Estado navarro» izeneko atalaren lehen orrialdean, Antso Nagusiaren ondorengoa izan zen Gartzea Santxez IV. Naxerakoaren erreinaldiaz irakurtzen dugu. Bigarren pasartearen bukaeran, ezizenaren arrazoia azaltzen zaigu, Naxerako Santa María la Real eraikiarazi baitzuen. Datu arras ezaguna, inongo azalpen berezirik behar ez duena. Jarraian, pasarte hau dator: “Fernando I de Castilla repitiendo lo sucedido en Támara a su cuñado Bermudo, preparó una trampa a su hermano García el de Nájera, fingiéndose para ello enfermo. El Rey de Pamplona, sin sospechar lo que tramaba su hermano, fue a visitarlo y Fernando I lo hizo prender, encerrándolo en el castillo de Cea de donde algún tiempo después logró evadirse”.

Eta jarraitzen du, hurrengo pasartean, Atapuercan 1054ko irailaren 1ean izandako batailarekin, hau ere guztiz ezaguna eta zalantzarik ez daukana. Hiru pasarteen artean ez dago, estiloan edo erabilitako aditz denboretan inolako ezberdintasunik. Ez dago, liburuaren beste hainbat tokitan bezala, polemikarako grinaren aztarrenik edo zerbait berri defendatzen delako adierazpenik. Ez dago oharrik. Hots, frogatutako eta onartutako gertaera ezagunak narratzen direlako inpresioarekin pasatuko da irakurle arrunta lerro hauetatik. Nola imajinatuko du irakurle honek Urzainqui ez garen –edo Urzainquiren sekretua ez dugun— erdiarolariok zur eta lur geratzen garela hau irakurrita?

Atapuercako batailan Leoi-Gaztelako Fernando I.aren eta Iruñeko Gartzea Santxez IV.aren armadak borrokatu ziren. Gertaera erabakigarria da XI. mendeko Penintsularen geopolitikarako, neurri handi batean erreinu kristauen arteko lehentasuna zegoelako jokoan, Gaztela-Leoi eta Iruñearen artean. Bata, Gaztela-Leoi, barne krisi sakon luzeetatik suspertzen zegoen eta besteak bi belaunaldi-edo zeramatzan lehentasun horretaz gozatzen. Gaztelauek irabazi zuten eta Gartzea Santxez gudu-zelaian bertan hil zuten borrokan. Errege biak anaiak ziren, Antso Nagusiaren semeak eta haien erreinaldien hasieran harreman ezin hobeak izandakoak. Hurrengo mendean, Historia Silense konposatu zuen egileak, anaien arteko erlazioaren amaiera tragiko hau azaldu behar izan zuenean, Gartzearen bekaizkerian bilatu zuen arrazoia. Errege nafarraren maltzurkeria bi episodio simetrikotan aurkezten da (HS 80-83). Gartzea gaixorik zegoela, Fernando prestua fede onez eta bihotz garbiaz joango zen anaia okerra bisitatzera, baina nafarrek segadak prestatuko zizkioten, alferrik. Gero Fernando egongo zen ondoezik, eta Gartzeak bisita bueltatuko zion, ez ordea fede onez, baizik eta bere bekaizkeria disimulatzearren eta ordura arteko azpijokoak nolabait ahantzarazteko. Justizia osoz asaldaturik, Fernandok gatibu hartuko zuen Gartzea, baina honek ihes egingo zuen preso utzi zuten dorretik. J.Mª Lacarrak uste zuen Siloseko historiagileak bere aurreko belaunaldietan sortutako elezaharrez —eleberriak orduan?— elikatu zuela bere testua, anaien arteko etsaitasuna esplikatzeko. Daitekeena da oso, ez baitago XI. mendeko testuetan episodio koloretsu hauen aztarnarik ñimiñoena. Hots, Urzainquik justifikatu beharko luke: a) Silensearen pasarte hauek zergatik diren fidagarriak, itxura eta gainerako iturri independenteen kontra. Alegia non dagoen, edo sinesgarritasuna sustatzen duen testu-kritika, edo besteok ezagutzen ez dugun froga; b) sinesgarriak badira, eta gertaera Urzainquiren ustez garrantzitsua bada, zergatik jasotzen duen soilik gaztelauaren maltzurkeria eta isilpean utzi nafarrarena (nola daki Urzainquik Fernando erregeak itxurak egin zituela, adibidez?). Ala zati bat bakarrik da fidagarria, eta bestea ez? (Hala bada, has bitez berriro galderak). Hau egiten ez den bitartean, baieztapenon euskarri bakarra inprimatuta dauden papera da. Eta garai honetako iturriak ezagutzen ez dituenaren mahaira katua eramaten da, erbia balitz bezala. Garrantzi gutxiko pasarte honetan beste askotan bezala.

Badago NMn gardentasun ezaren beste aldagarri bat, agian deitoragarriagoa, irakurle askori sinestarazten zaielako orain arte artxiboetako apalategietan edo aurkitu ezinezko edizio atzerritar zaharretan gordetako frogak argitara ateratzen direla, defendatzen diren tesiei eusteko. Zazpigarren atala 1177ko Ingalaterrako erregearen laudo arbitralari dedikatzen zaio. Laudo hau Nafarroa eta Gaztelaren arteko mugen gaineko eztabaida eta istiluak bukatzeko asmoz eman zen, eta haren inguruko dokumentazioak alderdi bakoitzaren argudioak jasotzen ditu. Agirien faksimila, jatorrizkotiko transkripzioa eta gaztelaniazko itzulpena eskaintzen zaizkigu. Ematen zaigu agiriok British Museum-ean duten kokapenaren berri, bai eta esan Th. Rymer-ek Fodera eta conventiones… bilduman transkribatu zituela (bigarren edizioa XVIII. mendeko hasierakoa, berrinpresioa 1967koa), eta gero beste horrenbeste egin zuela W. Stubbs-ek 1867ko Gesta Henrici secundian. Hona beraz, pentsatuko du irakurleak, gure herriaren historiarako guztiz garrantzitsuak diren agiriak, euskal edo espainiar historiografian lehendabizikoz euren osotasunean ezagutarazten direnak. Nik ordea –eta erdiarolari gehienok ziurrenik— jakin nahi nuke zergatik ez den aipatu ere egiten, adibidez, G. Balparda-k Historia crítica de Vizcaya y de sus Fueros (375 or. eta hur.) liburuan erreproduzitu zuela gure artean dokumentuon testu osoa, duela hirurogeita hamar urte. Edo, Balpardaren transkripzioa akastuntzat edota zaharkitutzat jotzen bada, zergatik ez den kontuan hartzen J. González-en El reino de Castilla en la época de Alfonso VIII (440 or. eta hur.) lan ezagunean egiten duen transkripzio guztiz egokia. Zer esanik ez, egile hauen eta beste batzuen iritzien aztarnarik txikiena ez dugu aurkitzen NMko orrialdeetan.

ARRAZOITZEA, FROGATZEA. Historian, Termodinamikan bezala, tesien indarra, froga eta argudioek sustatzen dute. Oso printzipio bakuna da. Abertzaletasunak, progresismoak edo fede oneko pertsona izateak ez diote gramo bat ere ematen, edo kentzen, tesi baten pisuari. Zorionez, bestela irizpide moralak erabili beharko genituzke-eta produkzio historikoa balioesterakoan. Egia da egile batzuen iritziei nolabaiteko autoritatea aitortzeko usadioa badagoela; baina autoritate hau, ia ohorezkoa baino ez dena, oso mugatua dago. Aurrena, kontzentzu aski hedatua behar da eskola, ikuspegi eta ideologia ezberdinetako berezilarien artean; besteek aitortzen baitute autoritate hori, eta ez nork bere buruari. Hurrena, autoritate hau urte askotan zehar lan handia eginda maisutasuna erakutsi den alorrean errekonozitzen da bakar-bakarrik. Eta azkena, oso gauza gutxirako balio du, inork ez baitu erabiliko argudio bezala arrazoibide zein eztabaida batean. Bizitzaren akabuan Einstein batek une horretan oraindik jorratu gabe dagoen arazo bati buruzko aieru bat egiten badu, fisikariek errespetuz hartuko dute; gehien jota, baten batek ikerbide berriak zabaltzeko iradokizun gisa hartuko du. Eta kito. Hori da ia dena. Inori ez zaio burutik pasatuko iritzi hori frogabide moduan erabiltzea.

NMren ildoko lanetan, ordea, ez da arraroa muga hauek guztiak hausten dituzten jarrerak topatzea. Badira egileak euren buruak autoritateaz janzten dituztenak eta euren iritziak kontraesan posiblerik gabeko froga bihurtzen dituztenak, argudiorik ñimiñoena aurkezteko beharra sentitu gabe, antza. Badago, berriki argitaratua, tratamentu berezia merezi duen liburua: M. Goyhenetche, R. Jimeno, A. Pescador eta T. Urzainqui, Vasconia en el siglo XI. Reinado de Sancho III el Mayor, rey de Pamplona (1004-1035). Goyhenetche eta Jimenoren atalak, ofizioa eta bibliografia ezagutzen dituzten historiagileek eginak dira. Pescadorren orrialdeak, ordea, aldrebes ulertutako autoritatea bereganatu izanak iluntzen ditu. Horrela, esaterako, 24. orrialdean, X. mendeko Albeldako kodizeko irudi ospetsu baten interpretazioaz, Pescadorrek esaldi batean esaten digu zein helburuz egin zen eta nola ulertu behar den. Eta egilearen iritziarekin bat ez datozenak, “interpretazio erromantikoak” dira. Arazo txiki bat dago, baina. Berak “interpretazio erromantikoak” deitzen dituenak, lan mardul arras serioetan oinarritu dira, argudio asko emanda, azterketa ikonografiko sakonak eginda. Agian Pescadorrek du arrazoia. Baina frogatu beharko du eta kontrako ondorioetara iritsi diren berezilarien arrazoibideak desmontatu, argudioz argudio. Ordura arte, zergatik pentsatzen du hari sinestu behar diogula? Edo, beste adibide bat, bi orrialde geroago, Roda-ko kodizeko testuak konposatzeko arrazoiez diharduenean: “Mucho puede especularse al respecto, pero lo único cierto es que…” eta jarraian bere ustea. Egia da dibulgazio lana dela hau, baina bilatzen dugu Pescadorren lan sakonago batera bidaltzen gaituen oharra, egia zein den frogatzen duena, eta ez dugu topatzen.

Bakoitzari berea ematea, gardentasunez jokatzea, baieztapenak eta kritikak arrazoibide eta frogetan sustatzea: hona egile batek zer errespetatu behar duen bere emaitza historia-lantzat har dezagun. Berdin dio norberaren titulazioa edo lanbidea, adina edo ideologia. Historiagilearen izana emaitzetan neurtzen da, ez izenean. Behin joko-arauak betez gero, jakina, egongo dira historialari hobeak eta kaxkarragoak, emankorrak eta antzuak, erretorikan dotoreak eta diskurtsoan baldarrak. Baina eztabaidara iristeko, alegia partida jokatzeko, aurrena gutxieneko onestasun intelektualaren arauak ezagutzea konpli da.

Tira, esan lezake baten batek, demagun arrazoi duzula. Demagun ez dituztela jokoaren arauak errespetatu, ez dituztela euren tesiak behar beste justifikatu. Baina, eskaintzen dituzten ondorioak, ez al dira kontuan hartzekoak? Ezetz erantzungo nuke nik, sustatzen ez direnak beste edozer izango baitira, baina ondorioak ez. Eta horrela igerian egiteaz gain, arropa siku eta lisatua kontserbatzen duzu, arrapostuan egin lezake inork, metodoaren arbitroaren papera zureganatu baituzu. Erantziko dut bada jantzi hori, eta esango dut, esandako guztiaz gain, zergatik antzematen diodan lan sorta honi, gainera, naftalinaren usaina.

NAFTALINA. XIX. mendean, estatu burgesak eraikitzeaz batera, eskola-sistema berrietan irakatsi beharreko historia nazionalak eratu ziren. Espainian ere hala egin zen, eta sortu ziren hezkuntza erakunde eraginkorren bidez, probintzietako hiriburu guztietako institutuak esaterako, hedatu zen ordura arteko erudizio zirkulu estuetatik harantzago. Are gehiago, historiarekiko benetako grina piztu zen XIX. mendeko azken hamarkadetako gizarte-esparru askotan, bereziki klase ertainetan, hala funtzionarioengan nola abokatuengan, notarioengan zein medikuengan… Kanon bat finkatzen da orduan, eta irakatsi. Zalantza handirik gabe, 1850-1867 artean argitara eman zen M. Lafuente-ren Historia General de España izan da eragin handienekoa, hantxe daudelako bai gertaera handien (Guadalete, Covadonga, Lepanto, Bailén e.a.) interpretazio kanonikoa, bai lehen gizakia Penintsulara iritsi aurretik erabakita dagoen eta materia historikoa ulergarri egiten duen norabide edo patua, monarkia katolikoaren menpeko Espainia bateratura omen garamatzana, alegia. Gainera, XIX. mendeko azken hamarkadetan libururik irakurrienetakoen artean dagoela. Hauxe da, duela oso gutxi arte, gizaldi askoren historia-irakaskuntza sustatu duen lana.

Euskal abertzaletasunari bere diskurtso historikoa eratzeko ordua heldu zitzaionean, joko-zelaia irmoki okupatua zegoen. Bi belaunalditan sakonki errotutako ideiak ziren nagusi; abertzaletasunak historialari profesionalik ez zuen, ezta unibertsitaterik ere Euskal Herrian, Deustukoa ez bazen. Horiek horrela, jarrera osagarri bi suma daitezke, esaterako, Anacleto de Ortueta-rena bezalako lanetan. Aurrena, ispilu moduan aritzea, hau da, zapaltzailetzat hartzen den historiografiaren kontzeptuak eta argudio-kateak bereganatu egiten dira. Espainolena bezala, euskaldunon patu quasi-naturala estatu euskaldun baten barruan bizitzea da; eta irizpide honen arabera epaitzen dira gertaerak eta ekimenak: Rekaredoren monarkia katolikoak bezala, Antso Nagusiaren erreinaldiak norabide egokia darama. Nafar erreinuaren zatitzea ordea, 1076an, kanpoko arerioak bidegabeki eragindako atzerapausua da hemen; berdin-berdin baloratzen da 711ko musulmanen konkista han. Hurrena, diskurtso propioaren ahulezia inplizituki errekonozituz, bat ez datozen ideia guztien gainean aurreiritzi, etsaitasun politiko eta fede txarraren susmoa isurtzen da. Egileren batzuek susmatzen badute, adibidez, 1029an hil zuten Gaztelako Gartzea konde gaztearen kontrako konplotaren atzean Antso III.a zegoela, honegatik egiten dute, Ortuetaren hitzetan: “arrastrados por la pasión nacional, por el aborrecimiento que hacia el reino vasco sienten: sentimiento que tiene muy viejas raíces y se ha desatado contra Sancho III, culpable de haber sabido reunir bajo su gobierno a todos los vascos” (154. or.).

Konspirazioaren teoria hau barra-barra heredatu da NMn eta haren antzekoetan. Adibideak nonahi topatuko ditu irakurleak, eta baten bat artikulu honen hasieran jaso dugu. Baina zera erakutsi nahi dut bereziki, oso adierazgarria iruditzen zaidan adibide batez: espainiar historiografia tradizionalaren –nahiago izanez gero, espainiar historiografia abertzalearen— ereduen imitazioa mantentzen dela. XIX. mendean eratutako Espainiaren ibilbide historikoaren kontzepziorako, Penintsularen Erdi Aroko zatikatze politikoak arazo handia zekarren, baina are handiagoa musulmanen konkistak. Izan ere, honek iragan erromatar-bisigotikoarekin hautsi egiten bazuen, kolokan jartzen zuen Historiaurretik gaur arteko Espainiako etengabeko hari historikoaren existentzia bera, hots diskurtso guztiaren funtsa. Nola saihestu hau? Haustura ukatuz.

Espainiako historiografia tradizionalean, Al Andalusekoak ez ziren besteak bezalako musulmanak: espainol musulmanak ziren: espainol izena, eta musulman izenondoa. Islama azaleko erantsia baino ez omen zen. Andalusiarrek Hispaniako populazioaren tradizioak, hizkuntza, familia-egiturak e.a. kontserbatuko zituzten, eta horrela ahaidetasun handiagoa zuten Iparraldeko kristauekiko, Afrikako zein Asiako beste musulmanekin baino. Kristauen konkista legezkoa zen, beraz, batetik Toledoko erreinu bisigotikoaren ondorengoak zirelako eta bestetik, azken batean, anai-arrebak biltzen zituztelako berriro, lehen bezala, monarkia kristauaren barruan. Interpretazio hau, baina, zeharo baztertua dago gaur. Frantziako arabistek duela hogeita hamar bat urte hasi zuten eta geroago Espainian ere errotu den ikerbideak zera erakutsi du: Al Andaluseko gizartea ez dela, inolaz ere ez, Mendebaldeko Europako gizarteen aldaera bat. Ez dago musulmanen aurreko gizartearen jarraitasunik. Erabat bestelakoa da: nekazal paisaje eta tekniketatik komunitateen barne-antolaketara, eguneroko dietatik hirigintzara, famili egituretatik botereen egituretaraino, alfatik omegara, bete-betean gizarte islamikoa da. Penintsulako kristauen eta musulmanen arteko muga erreinuen artekoa ez eze, zibilizazioen arteko muga ere bazen. Al Andalus, Dar al-Islam-en zati bat zen, ez gehiago, ez gutxiago. Kristauek Al Andalus hartu zutenean, ez zituzten lehengusu-lehengusina galduak etxera sartu.

Gauzak horrela, ezin harrigarriagoa da Tutera aldeko Al-Andalusi NMn eta ondorengoetan ematen zaion tratamentua. NMn, III ataleko lehen orrialdean, liberar, recuperar aditzak erabiltzen dira: “recuperaron de los musulmanes las antiguas tierras vasconas de Viguera, Albelda, Calahorra y Nájera. Dicha liberación es fundamental…” Nola ez dira konturatu egileak hainbestetan kritikatu duten Espainia kristauaren liberazioaren usain zahar ozpindu berbera dariela esaldi hauei? Zenbat aldiz gaitzetsi dira liburu honetan gaztelauek, leondarrek edo aragoarrek eginiko konkistak? Eta gure asabek egin dutenean, orduan zer eta askatu egiten dute! Eta zer esan konkistarako ematen den justifikazioaz? “recuperar el ager vasconum, las tierras con pastos de invierno y susceptibles de cultivo cerealista, imprescindibles por la complementariedad económica de las dos partes del territorio y para dar salida al exceso de población concentrada en el saltus vasconum”. Gure Erdi Aroko Lebensraum txikia? Soraurenek oso ondo ulertu du Historia de Navarra. El Estado vasco (98. or) liburuan: “más que de una reconquista, puede afirmarse que se trató de la recuperación de unos territorios que siempre habían sido reivindicados por los vascones como esenciales para su supervivencia…

Berrikiago, ideia bera garatu egiten da, eta orduan bai topatzen dugu espainiar historiografia tradizionalaren kalko hutsa, oso-osorik. Urzainquik, Vasconia en el siglo XI-ko «Sancho III el Mayor y la Vasconia musulmana» atalean formulazio kanonikoa errepikatzen du: “Esta condición vascona, cultural y política, no acaba en la época visigoda, siglos VI y VII, ni después con los musulmanes, siglos VIII al XII (137. or.), especie de Vasconia musulmana (138. or.), los vascones musulmanes de Tudela (145. or.)». Berriro ere, izena eta izenondoa. Berriro ere, armen bidez menperatuak izango ziren musulmanei Dar al-Islamekoak izatea ukatu egiten zaie. Aurrena, baskoiak; hurrena, musulmanak. Goitik behera, Reconquista justifikatu duen ideia multzorik zaharkituena, egungo ikerkuntzak deuseztatu duena, Euskal Herrira ekarria. Para este viaje, no hacían falta tantas alforjas.

Buka dezadan. Ildo honetako egileen testuak irakurtzean, nolabaiteko nahasketa dagoelako inpresioa ondorioztatzen da. Esan gabe doa T. Urzainqui batek eskubide osoa duela, jakina, bere tesi politikoak defendatzeko, alegia, oker ulertu ez badut, Espainia-Frantzia eta Euskal Herriaren arteko gatazkaren jatorria Nafarroaren lurraldetasuna haustean datzala, eta jatorrizko legezkotasun honetara itzuli ezean, irtenbiderik ez dagoela. Eskubide osoa du bere tesien aldeko argudioak euskal iraganean bilatzeko. Historia ez da inolaz ere gauza sakratu bat, historiagile profesionalek soilik latexezko eskularruekin eta kirofanoetan ukitu ahal dutena. Aitzitik, herritar guztien esku dago. Betidanik, era guztietako diskurtso politikoek iragana arakatu dute eta historiaren materialak erabili. Legezkoa da, zalantza izpirik ez dut. Arazoa dator guztiz ohoragarria den operazio hori maskaratzen denean, eta aitzinetik orga jarrita, defendatzen den ideia politikoa historiaren azterketa zientifikoak sortutako aurkikuntza batetik baletor bezala aurkezten denean. Batez ere, NM bezalako lanetan, historiaren azterketa zientifikorik, hau da historiagintzarik, ez dagoelako.

NOTA. AIPATU DIREN LIBURUAK

G. Balparda, Historia crítica de Vizcaya y de sus Fueros, II/3, Bilbo, 1933-34; A. Barbero eta M. Vigil, “Sobre los orígenes sociales de la Reconquista: cántabros y vascones desde fines del Imperio Romano hasta la invasión musulmana”, in Id., Sobre los orígenes sociales de la Reconquista, Bartzelona, 1974 [lehendabizikoz 1965ko Boletín de la Real Academia de la Historian argitaratu zen]; J. González, El reino de Castilla en la época de Alfonso VIII, Madril, 1960; M. Goyhenetche, R. Jimeno, A. Pescador eta T. Urzainqui, Vasconia en el siglo XI. Reinado de Sancho III el Mayor, rey de Pamplona (1004-1035), Iruñea, 2004; J. Mª Lacarra, Historia política del Reino de Navarra desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla, Iruñea, I. tomoa, 1972; Id., Historia del Reino de Navarra en la Edad Media, Iruñea, 1975; M. Lafuente, Historia General de España desde los tiempos primitivos hasta la muerte de Fernando VII, Madril, 1850-67 [Bartzelonako edizioak, 1887koak, J. Valera-ren eranskina dakar, Alfontso XII.aren erreinaldira artekoa]; A. de Ortueta, Sancho el Mayor. Rey de los Vascos, Buenos Aires, 1963 [1934ean hasi zen liburu honen idazketa]; M. Sorauren, Historia de Navarra, el Estado Vasco, Iruñea 1999; T. Urzainqui eta J. Mª de Olaizola, La Navarra Marítima, Iruñea, 1998 [testuan aipatu orrialdeak 2001eko 4. edizioari dagozkio]; T. Urzainqui, Navarra Estado europeo, Iruñea, 2003.