Josemari Carrere Zabala

Koldo Izagirre. Idazlea. XX. mendeko euskal poesia
kaierak bildumaren egilea

(Hika, 138/139zka. 2002ko azaroa/abendua)

Joan den mendeko euskal poesiaren ibilbidea eta garapena ezagutzeko aukera ederra eman diguten XX. Mendeko poesia kaierak liburuxken azken entrega liburutegietan dugu. Berrogei kaiera beste hainbeste poeten antologiekin. Joan den mende osa hartzen duen bilduma, gerraurreko klasikoetatik egungo tendentzia berrietara. Lan mardula, baina era berean edozein poesia zalearentzat eskuragarri izateko pentsatua. SUSA argitaletxeak kaleratua eta Koldo Izagirrek apailatua, gure poesiaren ikuspegi zabala bezain interesgarria eskaintzen digun lana. Koldo Izagirrek sekulako lana hartu du bilduma hau egiteko, baian pozik ageri da emaitzarekin.

Azken kaieren aurkezpenean Gorka Arrese editoreak zioen antologia guztiak injustuak direla.

Antologia bat askotan mutilazio bat da. Kasu honetan injustizia doblea da; alde batetik, egile bakoitzaren antologia bat egiten dugulako, eta beste aldetik bakar batena izan beharrean mende oso batena delako, beraz, egile batzuk kanpoan gelditu dira. Horrela begiratuta bai, injutizia bat da; baina muestra bat da. Antologiak hartzen diren muestrak dira, baina egile bakoitzaren erakusgarri direnez gerorago egile horren lana sakonago ezagutzeko gonbidapenak dira. Horregatik bilduma hau ez dago poemen kalitateari begira bakarrik, baizik eta aniztasuna kontuan hartuz, poetaren ibilbidea erakutsiz.

Zein irizpide erabili dituzu lan honetan?

Esate baterako, irizpide guztiz kalitatezkoak erabiliko banitu, beharbada deskonpentsatua aterako litzateke. Alde batetik erabili dudan kriterioa izan da egile bakoitzaren panoramika oso bat azaltzea, betii ere kalitate kriterio batzuk erabiliz, jakina. Beste alde batetik mendearen panoramika orokor baten agertzea dago. Honetan garratzitsua zen ez erabiltzea bakarrik krterio estetizista bat, baita ere irizpide tematikoa hartu dugu kontuan. Estiloa ere ezin dugu ahaztu.

Esan daiteke joan den mendeko euskal poesiak ezaugarri amankomunak erakusten dituela?

Hari bat baino gehiago dago. Egile bakoitzaren antologiaren aurkezpenean saiatu naiz barne kriterio bat erabiltzen, alegia, euskal poesiaren barnean interpretatzen. Gure poesiak izan duen barne eboluzioa nabarmentzen saiatu naiz. Gure poesia ez da beste baten apendizea, eraginak izan arren jakina. XIX. Mendean euskal kontzientzia bertsolariek ematen bazuten, XX.ean poesiak ematen du nazio kontzientzia, poesia ezaguna izan edo ez izan. Hau izan daiteke ezaugarri nagusiena. Joan den mendean galdera nazional edo transzendente, edo intimoei ondoen erantzun dion generoa poesia izan da.

Kontuan hartu behar dugun beste ezaugarri bat da euskal poesiak ia zerotik hasi behar izan duela beti, Joxe Azurmendik oso ondo esaten duen bezala. Horrek suposatzen du iraultza bat datorrela, beharbada hutsetik hasi behar horregatik. Primo de Riveraren diktadura, Errepublika, Gerra, Gerra ostea... Beti etengabe abiatzen ibili behar horrek XX. mendean hiru edo lau iraultza ekarri ditu gure poesian. Aniztasuna dagoela ondoriozta dezakegu, beraz.

Gure literaturan poesiak izan duen eragina handia dela esan ohi da, askoren ustez generorik garrantzitsuena.

Orain genero bezala narratiba dago, nobela, merkatuak asko agintzen duelarik honetan. Hemendik urte batzuetara, beharbada XXI. mendeko gure ezaugarriak eta errealitatea interpretatuko duen generoa agian nobela izango da. Baina hogeigarren mendean dudarik gabe poesia izan da.

Nobelaren garrantzia hori literaturgintzaren heldutasunarekin azaldu ohi da. Poesia eta ipuina, nonbait, nobelarako bidean prestaketa dira, idazlearen heldutasuna eleberriarekin heltzen dela.

Interesantea da honetaz hitz egitea, eta uste dut ez dela behar bezala aztertu; neronek ere ez dut ideia garbirik. Nire ustez poesiatik ia zuzenean nobelara pasa dela; ipuina genero bezala oso gutxi landu dugu, proporzionalki hartuta. Beraz, ez dut uste ipuina nobelara pasatzeko aurreko urratsa izan denik, nobelara salto handi bat eginaz pasa garela uste dut. Beste alde batetik, egia da esaten dela nobela heldutasun ezaugarri bat dela, baina interesantea da ikustea nola egile gazte askok eta askok nobela idazten duten. Heldutasuna ezaugarri hori eztabaidagarria da, ikusita egungo gazteen joera, eta ez da oraingoak aurrekoak baino helduagoak direlako. Hemen arrazoi estrukturalak daude. Editorialak, merkatua, genero salgarriaagoa izatea, lehiaketak, bekak; guzti horiek eleberriaren bultzatzen dute. Esate baterako eremu komertzial handietan ez duzu poesia topatuko eta bai nobela.

Eleberriaren heldutasun ezaugarritzat ikusten bada ere, deigarria da ikustea nola XX. mendeko euskal idazle nabarmenetakoak poesia adierazbide nagusi gisa hartzea, Lauaxeta, Lizardi edo Aresti esate baterako.

Poesia beti kontsideratua izan da fundazionalagoa. Gerra aurrean bazegoen izpiritu fundazional bat, Bertsolari eguna, Emakume Eguna, Poesia Eguna; eta poesia aintzat hartuta “euskook” behar genuena poema nazionala zen. Hori dela eta liberatu zuten Orixe Euskaldunak bezalako poema idazteko. Bazegoen halako ikuspegi erromantikoa.

Honekin batera kontuan hartu behar da poesia egoera gogorretan, klandestinitatean oso genero praktikoa dela transmititzeko zein idazteko orduan.

Ulertu al daiteke euskal poesia bertsolaritzarik gabe?

Bi eragin aipatu beharko genituzte. Alde batetik literaturak bertsoan duena eta beste aldetik bertsoak literaturan duena. Nire ustez bertsoak literaturan izan duen eragina positiboagoa izan dela alderantziz baino. Esate baterako Bilitxek duen literaturaren eragina, Espainiako erromantizismo tardio bezala ezagutzen den iruditeria txarra erbiltzen du batzuetan. Bertsolari peto bezala dabilenean askoz hobeagoa da, lirika puntu horretara hurbiltzen denean baino. Bertsolaritzak eragin handia eduki du, nahiz eta hasiera batean olerkariak, nolabait, urrundu nahi izan ziren bertsolaritzatik, bai Jautarkol, bai Loramendi eta abar. Alde batetik logikoa da, errazkeriatik urrundu nahi zutelako. Beraien lehiaketetan ere herri olerkiak izeneko batzuk uzten zituzten bigarren mailako gauza batzuk egiteko. Geroago Arestiren obra etorri zen. Arestiren lana ezin da ulertu herri poesiarik gabe. Koplatan eta, nabarmen ikusten da, baina bere poesia librean ere eragina ikus dezakegu, intertestualitatean, erritmoan, irudietan, esate baterako. Lekuona zaharrak aspaldian aipatu zituen herri poesian zeuden baliabidea interesanteak. Praktikara Arestik eraman zituen inork baino hobeto; Lizardik ere baditu halako saio batzuk klopa zaharren teknikan, oso ezagunak ez badira ere.

Gaur egun poesia beste fase batean dago, nahiz eta poeta batzuk bide horretaz baliatzen direnak, Patziku Perurena adibidez, koplaren baliabideak, herri hizkera, musikalitatea, erritmoa oso onod agertzen dituena. Dena dela, hori ez da egungo joera nagusia. Honen arrazoia agian, izango da bertsolaritza bizirik dagoela eta etengabeko praktikan; hau horrela ez balitz, beharbada, poeta kultoak horko baliabideen bila arituko zen.

Gure literaturan poesiak duen garrantzia ikusita, esan daiteke, Portugalen dioten antza, Euskal Herria poeten herria dela?

Ez dakit. Beharbada esplikazio errazegia izango da, baina guk bertsolariak dauzkagu. Bertsolariak ditugun bitartean poeta ez da izango nazio errepresentatea, bertsolaria izango da. Galizian, eta Portugalen ere bai, poetek askotan pregoiak egiten dituzte. Gurean eremu hori bertsolariek hartua dute. Poetaren presentzia soziala beti izango da elitekoa edo antzekoa.

Dena dela Portugal poeten herria dela esate horretan badago, nire ustez, iritzi paternalista bat, herri azpigaratuei ezartzen zaiena, poeten herria eta antzekoak; baina Portugal nobelisten herria bada, sekulakoak baititu.

Halako lan bat burutzea ikasbidea ere bada biltzailearentzat, zuk zer ikasi duzu lan hau egiten??

Alde batetik eboluzio bat izaten dugu, pertsonak ez gara estatikoak, irakurle bezala ere bai; testu bera ez dugu irakurtzen orain dela hogei urte bezala. Berriz irakurtzen dituzu garai bateko testuak, gutxi gora behera dominatzen dituzunak uste duzuna, eta irakurketa, jakina, ez da berdina. Testua ez duzu berdin irakurtzen eta gainera, halako lan sakon bati ekiterakoan, dena irakurri behar duzu, orduan deskubrimenduak egiten dira. Esate baterako Orixe. Badago beste Orixe bat, ezagutzen ez duguna. Bestaldetik ere, panorama oso bat hartzen duzunean irakurle normala zarenean ohartzen edo ezagutzen ez dituzun gauzak deskubritzen dituzu, exilioko literatura adibidez. Exilioa ez da Sarrirekin hasi, prozesu luze bat dago hemen. Erreferentzia oso luze bat ez jartzearren Otaño aipatuko nuke, baina gero ditugu Jokin Zaitegi, Monzon, Toribio Etxeberria, Orixe...Eta honen barruan kartzelako literatura kokatu beharko genuke, exilio itxi baten gisa.

Gure historian bizitako egoera politikoek eragina izango dutela literaturan ez da zaila imajinatzea, beraz.

Poesia libre izateko modu bat da; idaztea preso batentzat ihes egitea da. Bai errealitateak asko baldintzatzen du. Egia da poesia ez dagoela gauzetan, poetaren barruan baizik, bere begiratuak deskubritzen du poesia. Baina egia da, era berean, errealitateak asko baldintzatzen duela, barnean dagoen begiratu hori. Sarriren poesiagintzaren eboluzioan argi ikusten da hori. Lehendabizi bere mundu guztia libreskoa da, liburuetakoa. Kartzela zer zen zekien liburuetan irakurri zuelako, gero benetan jakingo du, barruan egonda. Maitasunarekin berdin. Exilioaren hiriak dira Praga, Berlin eta abar, Pessoa eta bestelakoo poeten irudietatik hartuak, gero berak ezagutuko zituen benetan exilioaren hiriak. Liburuetatik hartutako jakinduria errealitatearekin alderatuko du ondoren.

Poesiak errealitateari erantzun izan dio. Arazoen aurrean eta sendimendu orokorren aurrean ondoen erantzun duen generoa poesia izan da. Beti saiatu izan da erantzuten hainbat kezkari, jainkoaren gaineko kezkak, euskararen galera, kaletar izateari, urruntasuna.

Non ikusten duzu zuk bilduma honen garrantzia?

Ni pozik nago irakurketa berri bat proposatzen dudalako. Nik uste dut periodikoki garai bakoitzak irakurketa berri bat egiten duela bai bere historiarena, bai literaturan. Nik hori proposatzen dut, antologia beran zein sarreretan. Mapa bat osatu dut, bere injustizia eta partzialtasun guztiekin. Pozik nago horrekin.