Xabier Zabaltza

Erriberri eta Erizar.
Historialaria

(Berria, 2009ko, 14 martxoa)

            Marcus Terentius Varro (-116/-27) Erromako letra gizon ezagunak aipatu zuen lehenbizikoz Vasconum saltus, gutxi gorabehera gaurko Nafarroako Mendialdea. Titus Livius (-59/+17) historialari handiak eman zigun Vasconum ager edo Erriberaren berri. Duela bi mila urte eskualde horietako mugak ez ziren gaur egungoak, baina bistan da ordurako bi Vasconia zeudela, gaur egun bi Nafarroa dauden bezala. Varron eta Livio ez zaizkigu eskualde horietako hizkuntzez mintzatzen, gai hori ez baitzitzaien batere interesatzen. Hala ere, zantzuen arabera, pentsatzekoa da Saltus delakoan euskara zela nagusi eta Ager delakoan erdara bat edo batzuk (zeltiberiera, adibidez). Latina zen garai hartan bi eskualdeeetako Verkehrssprache, lehenago iberiera izana zen bezala, omen. Varronek eta Liviok ez dute “Erdialderik” aipatzen Saltus eta Ager artean. Gaur egun saski-naskitako balio digun Zona Media hori, Joan Manyer i Flequer Kataluniako idazle erregionalistak aipatu zuen lehenbizikoz, 1878an. Lehenago, 1757an, Nafarroako Gorteek País Medio bat izan zuten hizpide. Beste nonbait azaltzen saiatu naizen bezala, “Erdialde” hori sortzez euskalduna zen eremu erdaldundua da. “Mendialdea” euskalduna bazen eta “Erribera”, erdalduna, erdibideko eremua izendatzeko esaera berri baten beharra nabarmendu zen XVIII. aurrera, euskara galdu ahala.

            Eta hara, “Erdialde” horren eta Erriberaren arteko mugan, “Erriberri” toki-izen bitxia agertu zaigu. “Erriberri” kultismo bat baita. Alegia, ez dugu ahozko tradiziotik jaso eta ez da toponimia xehean ageri. Literatura idatzian soilik dokumentatzen da, lehenbizikoz Esteban Garibaik 1571n idatziriko Compendio historial de las crónicas y universal historia de todos los reynos de España liburuan, hain zuzen ere. Garibairen arabera, “Erriberri” Oliteren euskal izena zen. Kultismo horren arrakastaren zergatikoa hauxe da: Olite Nafarroako errege-erreginen egoitza izan zela eta, 1407az geroztik, merindade bateko hiriburua (Zangozako eta Tuterako merindadeek bat egiten zuten toki erosoan zegoen herrixka bat izana zen Olite lehenago, Lizarrako eta Iruñeko merindadeetako antzinako mugetatik ere urrun ez zegoena).

            Garibai ez zen Olitekoa, Arrasatekoa baizik. Beraz, bigarren eskuko iturriak ibili behar izan zituen. Haren antzera, XVII. mendean, Allande Oihenart ere omenka mintzo da eta, dioenez, Oliteren jatorrizko izena Ologoti da, ustez, “olo-ogi-ti” esan nahi duena (“locum pane ex auena confecto abundantem”). Beste zuberotar bat, Johañe Filipe Bela, Oihenarti darraio, XVIII. mendean. Gutxienekoa da etimologia horrek ez hanka ez buztan ez izatea. Idazle euskaldun horien arabera, Olite euskal izen garbia da: horixe da funtsezkoa.

            Hala ere, Garibaik berak aditzera eman zuenez, “Erriberrik” ez du pueblo nuevo/village neuf esan nahi, tierra nueva/terre neuve baizik. Halaxe deitzen zieten, antza, Iruñeko euskaldunek musulmanei kenduz zihoazkien eremuei. Euskaraz herriberri dena, extremadura da gaztelaniaz, leoneraz eta portugesez. Kontua da Peralta edo Kaparroso Olite adina direla herriberri. Katalunian ere Catalunya Vella eta Catalunya Nova  bereizten dira eta Gaztelan, Castilla la Vieja eta Castilla la Nueva. Olitetik beherako Nafarroa Erriberri den bezala, gorakoa *Errizar izan zitekeen. Bada diferentzia nabarmen bat errizartarren eta katalan, gaztelau, leondar eta portugesen artean: errizartarrek, hots, jatorrizko nafarrek, ez zutela beren hizkuntza Erriberrin ezarri, hor erdaraz mintzatzen segitu baitzuten. Harrigarriena da, lehenago, Errioxa eta Bureba euskaldunduak zituztela, baina bi eskualde horiek Gaztelak beretu zituen XII. mendean. Erriberriko erdarak (nafar-aragoitar erromantzea eta mozarabiera) berehala hasi ziren gaztelaniarekin nahasten, 1512ko Konkista baino lehen.

            Bada beste aukera bat. Agian “Erriberri” Ribera-ren herri etimologia bat da (egiatan, latinezko *riparia-tik datorren arren). Hori hala bada, “Erriberri”, jatorriz, Mikolas Ormaetxea “Orixe”-k Euskaldunak poema epiko-bukolikoan (1950) mespretxu puntu batekin “Kokoerri” zeritzon eskualde bera da (zer esanik ez, Ormaetxeak Oliteri “Olite” deitzen dio, ez “Erriberri” edo “Ologiti”). Orixek argi eta garbi berizten baititu “Euskal Herria” eta “Kokoerria”. Joan Perez de Lazarraga arabarrak eta Joanes Leizarraga lapurtarrak, adibidez, Garibairen garai berean, “eusquel erria/heuscal herria” aipatu dutenean, Erribera ere gogoan zuten? Ala Sebastian Mendiburu gipuzkoarrak XVIII. mendean jadanik aipatzen zituen “erdal-erri”-etariko bat besterik ez zen Ager izandakoa?

            Ez dut probidentzian sinesten, ez Jainkoarenean, ez Historiarenean ere. Sinetsiko banu, mirari bat irudituko litzaidake erromatarren garaiko Vasconia eta gaur egungo Nafarroa hain antzekoak izatea. X., XI. eta XII. mendeetan Iruñeko eta Aragoiko erregeek Erriberri gehiena (bir)konkistatu eta Errizar-ekin bateratu zuten. Alfontso Borrokalaria 1134an hiltzean, Erriberri eta Errizar, biak elkarrekin, Aragoitik bereizi ziren, errizartar eta erriberritar aitorensemeek Tuterako jauna, Gartzia Berrezarlea, hautatu zutelako errege. 1200ean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa galdu ziren betiko (orain arte, behintzat). 1527an, Baxenabarre. Halabeharrez, gaurko Nafarroak klasikoen Ager eta Saltus biltzen ditu berriro.

            Azken mendeetan, Erriberriko hizkuntza Errizarren zabaldu da. Gure belaunaldiaren erronka hauxe da: Errizarko hizkuntza gehiago ez galtzea eta bertan berreskuratzea, galdu denean, eta Erriberrin zabaltzea, bertakoek nahi duten heinean. Bi herrik, bi hizkuntzak egiten baitute gaurko Nafarroa.

            (Oliteko Udalak 2008ko abenduaren 1ean eta Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilaren 19an erabakirik, “Erriberri” ofizialki Oliteren euskal izena baizik ez da).