Xabier Zabaltza
Euskara ez da patois bat
(Berria, 2012ko 12 ekaina).

Aurtengo Frantziako Errepublikako Lehendakaritzarako hauteskundeetan Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, 1992koa, mintzagai izan da. Frantziak 1999an izenpetu zuen Gutuna, baina ez du inoiz berretsi. Lehen itzulian arituriko hamar hautagaietarik lau berrespenaren alde agertu dira: François Hollande sozialista, Errepublikako lehendakari berria, François Bayrou/Francés Vairon zentrista, Eva Joly ekologista eta Philippe Poutou troskista. Horrez gain, martxoaren 31n, berezko hizkuntza duten antzinako probintzia gehienetan agerraldiak izan ziren tokian tokiko hizkuntz(ar)en ofizialtasunaren alde. Toulouse/Tolosakoa bereziki aipatzekoa da, han 30.000 jende bildu baitziren okzitanieraren alde. Baionan, berriz, 7.000 bat elkartu ziren euskararen alde, bertan inoiz izan den agerraldirik handienetako batean.

“Berezko hizkuntza duten antzinako probintzia gehienetan” idatzi dut. Egia esan, itsasoz gaindiko departamendu eta lurraldeetan ere izan ziren manifestazioak beren hizkuntzen alde eta, bitxiagoa dena, Poitiers/Poetàen Poitouko berezko oïl (frantses) hizkeraren alde ere bai. Bestaldetik, Quimper/Kemperko manifestari batzuk, bretoiaren alde ez ezik, galo Bretainiako oïl hizkeraren alde ere agertu ziren. Halaber, Metzekoak Lorrenako (eta Luxenburgoko) aleman hizkeraren alde ez ezik, bertako oïl hizkeraren alde ere azaldu ziren. Azkenik, Lille/Rijselekoak, flandrieraren alde ez ezik, pikardieraren alde ere kaleratu ziren, hori ere oïl hizkera bat dela.

Ezaugarri linguistiko hutsen arabera, hots, historia, soziolinguistika eta politika alde batera utziz, Frantzia Metropolitarrean bederatzi lurralde-hizkuntza hitz egiten dira soilik: frantsesa, frankoproventzera edo arpitaniera, okzitaniera, katalana, italiera (korsikera nagusiki, baina liguriera era bai), alemana, nederlandera (flandriera), bretoia eta euskara. Azken zortziak eta lurralderik gabeko mintzaira bakan batzuk (judu eta ijitoenak, adibidez), Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren babesean egonen lirateke Frantziako Errepublikak berretsiko balu (dokumentu horretan gorren zeinu hizkuntzak ez dira jasotzen eta).

Hala ere, kontua ez da hain sinplea. 1999an, Frantziak Euro-Gutuna izenpetu zuen urte berean, Bernard Cerquiglini hizkuntzalariak txosten bat idatzi zuen, Lionel Jospinen gobernuak eskaturik. Txosten horren arabera, Frantzian 76 hizkuntza hitz egiten dira, horietarik 22 Metropolian. Izan ere, Cerquigliniren ustez, oïl hizkerak, frantses dialektotzat jo ohi direnak, eskubide osoko hizkuntzak dira. Hori horrela, haren izkribuan, Poitou eta Saintongeko, Bretainiako, Lorrenako, Pikardiako, Franche-Comtéko, Valoniako, Normandiako eta Borgoinako hizkera erromanikoak euskararen edo bretoiaren mailan ageri dira. Horrez gain, Frantzian lurralderik ez daukaten bost hizkuntza, horien artean, arabiera eta berberera, aipatzen dira. Alegia: dosier horrek dioenez, Euro-Gutunak Frantziako 75 hizkuntzari –denei, frantsesari izan ezik– eman beharko lieke babesa, nahiz eta itunaren eragin esparrutik estatuetako hizkuntza ofizialen dialektoak eta etorkinen hizkuntzak espresuki bazterturik egon.
Cerquiglini Frantseserako eta Frantziako Hizkuntzetarako Bulego Nagusiko zuzendaria izan zen, baina erakunde horren webgunea haren txostena baino harantzago doa hizkuntzagintzan. Izan ere, Hexagonoan berean beste oïl hizkuntza bat (Xanpainakoa) onartu eta alemana bi hizkuntzatan (Alsaziakoan eta Lorrenakoan) zatitzen baitu. Gainera, ez da garbi ikusten okzitaniera mintzaira bakartzat edo sei hizkuntza bereizitzat  jotzen duen (gaskoia, horien artean). Bitxitasun susmagarri bat: Metropoliko mintzaira onartuak haziz doazen bitartean, itsasoz gaindikoek bere horretan diraute: 54 dira gaur egun, 1999an bezalaxe.

Frantziako barietate linguistiko guztiek begirunea merezi dute. Hala ere, errealitate ezberdinak berdin tratatzea ez da bidezkoa. Gaur egun, Estatu Frantsesaren hizkuntza politika kontraesankorra da. Alde batetik, ezin dira ukatu azken urteetako aitzin-urratsak (bretoiaren eta euskararen erakunde publikoen sorrera, adibidez). Baina, horrekin batera, jakobino linguistikoen eta erregionalista batzuen aliantza dela medio, “divide et impera” printzipioan oinarritzen da maiz, hizkuntzak beharrik gabe ugalduz eta, horren ondorioz, haien arteko tirabirak areagotuz (galoaren eta bretoiaren artekoak edo gaskoiaren eta euskararen artekoak, adibidez). Balirudike frogatu nahi dela eremu urriko hizkuntza guztien ofizialtasuna aldarrikatzea kaotikoa izanen litzatekeela eta, beraz, hobe dela orain arte bezala (frantsesa jaun eta jabe) segitzea. Hollande lehendakari jaunari eginkizun historiko bat dagokio: aitzakiekin bukatzea, Euro-Gutuna betez eta, beharrezkoa bada, baita Konstituzioa aldatuz ere. Euskarak eta Frantziako eremu urriko beste hizkuntzek ezin dute gehiago itxaron.