Xabier Zabaltza
Katalunia Txikitik Katalunia Handira, eta alderantziz
(Berria, 25-6-2013).

  Adéu, Espanya! (Joan Maragall, 1898)
Adéu, Països Catalans! (Francesc Puigpelat, 2004)

Aurten Kataluniako Parlamentuak herri katalana “subjektu politiko eta juridiko subiranoa” dela aldarrikatu du. Bistan denez, subiranotasun adierazpen hori bakarrik Bartzelonako, Tarragonako, Lleidako eta Gironako probintziei dagokie, nazio katalana bizi deneko beste herrialdeak kanpoan uzten baititu: Valentziar Herrialdea, Balear eta Pitiusar Uharteak, Aragoiko Franja de Ponent, Murtziako Carxe eskualdea, Andorra, Rosselló eta Ipar Kataluniako beste haran katalandunak, eta Sardiniako L’Alguer hiria. Horrek tirabirak sortu ditu zenbait independentistaren artean. Adibidez, Candidatura d’Unitat Popular-eko Parlamentuko taldeak bere botoak banatu zituen: parlamentario batek adierazpenaren alde bozkatu zuen, baina beste biak abstenitu egin ziren.

Katalanismo politikoaren jarrera beti kontraesankorra izan da Herrialde Katalanei dagokienez. Enric Prat de la Riba Lliga Regionalista de Catalunya (1901) lehen alderdi nazionalistaren sortzaileak teorian Catalunya Gran/Katalunia Handiaren alde jotzen bazuen ere (non Okzitania osoa ere biltzen baitzuen), Catalunya Estricta/Katalunia Txikian baizik ez zuen jardun. Nork eta valentziar espainolista batek, Benvingut Oliver-ek, erabili zuen lehenbizikoz “países catalanes” esaera 1876an (horrela, minuskulaz eta gaztelaniaz), non, batzuek gogoraraztea gogoko ez badute ere, Frantziako, Andorrako eta Italiako katalandunak ez baitzituen sartzen. Aurrekariak aurrekari, beste valentziar batek, Joan Fuster idazleak Nosaltres, els valencians eta Qüestió de noms (1962) saiakera eragingarriak argitaratu zituen arte, Herrialde Katalanen batasuna bigarren edo hirugarren mailako helburu bat izan zen katalanismo politikorako, baita Estat Català, Nosaltres Sols! eta Front Nacional de Catalunya indar erradikaletarako ere. Partit Socialista d’Alliberament Nacional, 1969an sortua, Fuster-en ideiak bere moduan interpretatu eta Herrialde Katalan guztietako lehen erakunde politikoa izan zen. Askoz lehenago, 1916an, sortua zen Nostra Parla eremu katalandun osoko lehen erakunde kulturala. Izan ere, luzaz “Països Catalans” kontzeptua (“Euskal Herria” kontzeptuaren beraren antzera), gehiago kulturala izan zen politikoa baino. Ez hori bakarrik: katalanismo politikoaren hedapenak, kulturalarenak ez bezala Espainia-Frantzien batasuna ezbaian jartzen baitzuen, kontrako erreakzioak eragin zituen lau probintzia ofizialetatik kanpo, Valentzian bereziki (abertzaletasunak Hirurak-Batetik kanpo bezalatsu).

Badirudi katalanismo politikoak, mende luze batez duda-mudatan izan ondoren, Herrialde Katalanen ametsari uko egin diola azkenean. Lurraldetasunaren eta subiranotasunaren gaineko eztabaida bukaezinean bigarrena gailendu zaio lehenari. Maragall-ek ez zuen ikusi, baina Puigpelat-ek bai: “adéu, Espanyak” “adéu, Països Catalans” ere esan nahi du. Ez da alferrikakoa izanen gogoraraztea Herrialde Katalanen aita (edo aitabitxia, behintzat), Joan Fuster, beti argi eta garbi mintzatu zela Katalunia Txikiaren independentziaren kontra: “denok izanen ez bagara, hastea ez du merezi”, esan zuen behin. Katalunia Txikiko independentistek, noski, sinetsi eta sinestarazi nahi dute balizko Estatu Katalana beste lurralde katalandunei irekia izanen litzatekeela, baina hori errukizko gezur bat besterik ez da. Nafarrok larrutik ikasi dugun bezala, geldirik dagoenean bakarrik igotzen ahal da trenera, ez abian denean.

Oso ongi dago katalan sentitzen ez diren valentziar, balear eta abarren borondatea errespetatzea, jakina. Katalunia Txikitik aparte, gehienbat Valentziar Herrialdean, izugarrizko liskar politiko eta linguistikoaren erdian, kontrako giroan eta zailtasunak zailtasun katalantasunari eutsi diotenak eskutik uztea ez dago hain ongi. Herrialde Katalanen kontra bada, gainera, arrazoi politiko bat, maiz aipatzen ez dena. Izan ere, Herrialde Katalan guztiak (edo, behintzat, Espainiakoak, Benvingut Oliver-ek nahi zuen bezala) baturik baleude, PP eta PSOE izanen lirateke nagusi. Bestela esanda: CiU (eta ez bakarrik CiU) hogeita hamabost urtez izan duen nagusigoa galtzearen beldur da. Eman ohi den beste argudio bat oso eztabaidagarria da, alegia, hizkuntza katalana hutsaren hurrengoa izanen litzatekeela bertan. Aitzitik, lau probintzia ofizialek osatzen duten autonomia erkidegoko katalandunen ehunekoa ez da handiagoa Uharteetakoa edo Valentziar Herrialdekoa baino eta Aragoiko Franjakoa baino askoz txikiagoa da (Andorra, egiazko estatu katalana, ez aipatzeagatik).

Gaur egun nazio katalana lau estatutan dago zatiturik. Urtarrilaren 23ko adierazpena gauzatzen bada, sarri bost estatutan zatiturik egonen da. Com més serem, més riurem!
(Katalan askok ez badakite ere, atzo, ekainak 24, Herrialde Katalanen Egun Nazionala izan zen).