Xabier Zabaltza
Neo-eisimeileachd, carson?
(Berria, 19-II-2014).
Londresko Gobernua eta Edinburgh/Dùn Èideanneko Parlamentua etsenplua ematen ari zaizkio mundu osoari. Frogatzen ari dira autodeterminazio eskubidea estatu demokratiko batean adostasunaren bidez gauzatzen ahal dela. Euskal Herriak eta Espainiak asko ikasi behar diete eskoziarrei eta britainiarrei.
Ikasteak, baina, ez digu diferentzia nabarmenez konturatzea eragotzi behar. Hasteko, zuzenbide anglosaxoia ez da Espainiakoa edo Euskal Herrikoa bezalakoa. Onerako eta gaitzerako, han konstituzio idatzirik ez daukate. Hemen, Espainiaren batasuna da 1978ko Konstituzioaren oinarria eta bertan eskualde bat bereizteko aukera ez da aurreikusi ere. Kataluniako Parlamentuko gehiengoa gabezia hori modu baketsu batean konpontzen ahalegintzen ari da.
Zuzenbideaz gain, Espainiaren eta Erresuma Batuaren artean bada beste diferentzia garrantzitsu bat. Kendu Erresuma Batuari Eskozia, Gales eta Ipar Irlanda, eta gelditzen denak ohorezko izen bat du: Ingalaterra. Ingelesak britainiar sentitzen dira, noski, baina ingeles nazioko kide ere bai. Kendu Espainiari Galizia, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak, eta gelditzen denak ez du izenik (Aragoi, Asturiak, Leon, Extremadura, Murtzia, Andaluzia eta Kanariak ez baitira Gaztela, ez eta hurrik eman ere). Erresuma Batua nazio batzuek osaturiko estatua da. Espainia ez, ofizialki behintzat. Ingalaterra nazio bat da. Gaztela, ordea, ez da nazio bat eta, beraz, gaztelauek eta enparauek, beren nazioa irudikatzen dutelarik, ezinbestez, Galizia, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak sartzen dituzte horren barruan. Horregatik, espainiar gehienen ikuspegitik, zentzu osoa du esateak Espainiari dagokiola autodeterminazio eskubidea, haien ustez, Espainia delako Estatu Espainoleko nazio bakarra.
Espainiaren eta Erresuma Batuaren arteko diferentziez ari nintzen. Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko funtsezko diferentzia bat aipatuko dut orain: lurraldetasuna. Eskoziako mugak begi bistakoak dira. Denek, eskoziar zein ingeles, onartzen dituzte: Act of Union/Achd an Aonaidh (1707) bi herrialdeak batu zituen hitzarmenaren garaiko berak dira. Euskal Herria, ordea, ez da inoiz politikoki existitu eta, gainera, bi estatutan eta hiru administraziotan dago zatiturik. Eskoziar gehienak eskoziar nazioko kide sentitzen dira; baxenabartar, lapurtar, nafar eta zuberotar gehienak ez dira euskal nazioko kide sentitzen. Hirurak-Baten Eskoziakoaren antzeko prozesu bat gerta liteke noizbait; ez, baina, Laurak-Baten edo, are gutxiago, Zazpiak-Baten.
Eskoziakoa nazionalismo “zibiko”-aren paradigmaren adibide garbia da. Hots, independentziaren aldarrikapena herritarren borondatean oinarritzen da. Nazionalismo mota hori elkarganatzailea da, bateratzailea. Txanponaren beste aldea hauxe da: nazionalismoetan, zenbat eta “zibikoagoak” izan, gero eta garrantzi gutxiago izan ohi dutela osagai “etnikoek”, hizkuntzak, kasu. Eskoziako Alderdi Nazionalaren programan gaelikoari ematen zaion garrantzia hutsaren hurrengoa da (ba ote daki inork Partaidh Naiseanta na h-Alba ere badenik Scottish National Party?). SNP/PNAren arabera, gaelikoa, desagertzeko arriskuan dagoen hizkuntza bat, eskoziarren ehuneko batek baizik hitz egiten ez dutena, gaur egungo eremuan mantendu behar da. Ez du inolako asmorik errealitate soziolinguistikoa errotik aldatu eta hizkuntzaren eremua zabaltzeko. Bertako Parlamentuak 2005ean gaelikoari onarturiko ofizialkidetasuna gorabehera, Eskozia “askatu” batean ingelesak segituko luke ia erabateko monopolioa izaten.
Gaelikoarekiko utzikeria ez zaio bakarrik SNP/PNAri leporatu behar, noski. XVI. mendean jadanik, Gavin Douglas/Gabhainn Dùbhghlas-ek Highlands, Eskoziako bi eskualde nagusietako bat, baizik ez zuen jo gaelikoaren herritzat (hortik gaelikozko izena: Gàidhealtachd). Apezpiku, itzultzaile eta poeta ospetsuak Lowlands/Galldachd scots-aren herritzat jo zuen (scots edo lallans-a Eskoziako berezko ingeles dialektoa da edo, batzuen arabera, ingelesaren antzeko hizkuntza oso bat). Ohi bezala, errealitate historikoa askoz nahasiagoa da. Erdi Aroan Eskozia osoan hitz egin ziren hizkuntza zeltikoak (gaelikoa eta britonikoa) eta Shetland/Sealtainn uharteetan, non gaur egun scots-a hitz egiten baita, XIX. mendera arte, norse-a (Eskandinaviako hizkuntza bat) mintzatu zen. Douglas/Dùbhghlas-ek Eskoziaren betidaniko elebitasuna asmatu zuen. Eskoziar nazionalistak urrunago joan dira, ontzat eman baitute ingelesaren egitezko elebakartasuna. Eskozia ezin da eredu izan Euskal Herrirako.
Eskoziak autodeterminazio eskubidea dauka. Inork ez dio ukatzen. Baina independentzia ez da, berez, helburu bat, gauzak (eta ez bakarrik bandera) aldatzeko tresna bat baizik. SNP/PNAk nahi du Ingalaterrako erreginak segi dezan Eskoziako estatuburu izaten, librak bertako dirua eta ingelesak hizkuntza nagusi. Eltzaur horrendako bazen lehenago harririk.
Irailaren 18an Europan estatu berri bat sor badadi, ez da Alba izanen, Scotland baizik. England txikiago bat, alegia. Berdin da nork irabaziko duen erreferenduma: gaelikoak galdua dauka. Hortaz: neo-eisimeileachd, carson?, independentzia, zertarako?
|
|