Mikel Aramendi
Iran-Irak gerrak 25 urte bete ditu.
Inork gogoratu nahi ez duen iragana
(Hika 170zka. 2005ko urria)
Aurtengo irailean bete den 25. urteurrena, edota haren testuinguruan jazotako Ad Dujail-go hilketaren erantzukizunagatik Saddam Hussein epaitu nahi izana ere ez da nahikoa pizgarri izan Iran eta Irakek zortzi urtez elkarren aurka egin zuten gerra hilkorraren oroitzapena iratzartzeko. Deigarria benetan urteurrenen aitzakian iragana ziklikoki eguneratzea hain gogokoa duen mundu batean zein zokoratuta geratu den oinaze-kontabilitate hutsez hain gogoangarria litzatekeena: jazotako bajen kopuruari dagokionez, II. Mundu Gerraz geroztiko gerra odoltsuenaren marka hitsa berea luke Iran-Irak gerrak, borrokan hildakoen kopuruari dagokionez behintzat; guztira milioi bat hildako, gutxienez jota; doblea, beste kalkulu batzuen arabera. Baina, gainera, gaurkotasunaren gailurrean jarraitzen duen eskualde haren bilakaera ezin da konplituki ulertu gudu huraxe erdigunean kokatu gabe. Hain zuzen ere, 2003ko erasoaren ama bada Kuwaiteko inbasioa 1990an, eta ondorengo gerra, beronen aita izan baitzen 1980koa. Beti ere, indar eta faktore bertsuak direlarik xake-taularen gainean. Aliantza eta elkartasun aski ezberdinekin, hori bai.
1980ko irailaren 22an Irakeko armadak Irani eraso ziola iragarri zenean, munduaren erreakzioa zero absolutuaren oso hurbilekoa izan zen: ez Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluan zalaparta edo estutasunik, ez erasotzailearenganako gaztigu edo ultimatumik... Ia inoren aurreikuspen publikoetan ez zetorrena izan arren, erasoa normaltasun baten barruan zegoela ematen zuen. Haren ondorio internazional zuzenenak, petrolioaren merkatuari zegozkionak, ere ez ziren itxuraz horren asaldagarriak, nahiz eta prezioak berehala hasi ziren garestitzen. Urre beltzaren ekoizle nagusienetako bi zirenez guduan, eta gerraren ondorioz munduko erreserben kontrola biziro alda zitekeen arren, inor ez zela bereziki estutu esan genezake.
Benetan argigarria da hamar urte beranduago Saddam Husseinek, irizpide bertsuek bultzata hein batean, Kuwaiti eraso zionean nazioartean eta batik bat Mendebaldean eman zen erreakzioarekin alderatzea 80ko udazkeneko hura. Astebete beranduago, irailaren 28an, NBEko Segurtasun Kontseiluak, 479 (1980) Ebazpenean gatazka hari buruz itundutako bost puntuak berrirakurtzea nahikoa da erasoa eta erreakzioaren arteko desoreka ikusgarriaz jabetzeko: gertatua ez da erasotzat kalifikatzen, are gutxiago salatzen da erasotzailea, eta euren gorabeherak bakean eta bitartekarien laguntza onartuz konpontzeko deia egiten zaie. Ebazpenak ez zuen aipatu ere bi aldeak irailaren 21eko posizioetara itzuli beharra ere (82ko uztaileko 514 Ebazpenera arte itxarongo zuen, baina ordurako gerra aurretik Irakenak ziren lurretan egiten zen borroka).
Gerra laburra izango zenaren pronostiko guztiz okerrak bazuen zerikusirik erreakzio gabezia horretan, noski. Xatt al Arabeko aterabidearen inguruan lehen ere gatazkak izanak ziren Irak eta Iran, eta kolonialismoaren komenentziara marraztutako mugen arbitrariotasunak nola edo halako zuzenketa eskatzen zuenaren irudipenak bazuen eraginik agian. Auzia hurbil samarretik aztertzen zuen edonorentzat, ordea, argi zegoen Iraken asmoa ez zela soilik itsasorako bere aterabidea hobetzea, baizik Khuzestan (Arabistan, Bagdadeko errejimenaren terminologian) osoa anexionatzea... bertan aurkitzen ziren petrolio ustiategi eta transformazio azpiegitura guztiekin. Irango gehientsu eta hoberenak, alegia.
IRAULTZAREN GORIAN
Irango iraultzaren zirrara garaikidea kontuan hartu gabe erabat ulergaitza izango litzateke duela mende laurdeneko jazoera hura guztia, alafede. Nazioarteko agenda erabakitzen zuten potentzia gehienen beldurren eta gutizien logikaren ikuspuntutik, askoz partner erosoagoa zirudien barne intriga korapilotsu bezain odoltsuen ondoren Bagdadeko erregimen baasistaren burutza lortu berria zuen S. Hussein nahiko ezezaguna, Irango nahasmen politikoan irabazle ateratzen ari ziren mullah xii arradikal haietako moldagarriena baino. Ñabardura desberdinekin, Europako herrialde nagusien kasua zen.
Brezneven esku agonikoetan zetzan Sobiet Batasunaren patua bereziki aldrebesa zen, edonola ere: une hartantxe bertako komunistak zukutzen ari zen Bagdadeko erregimenaren arma hornitzaile eta aliatu estrategiko nagusia izanik, SESBek bere beste bi aliatu funtsezko (Siriako gobernua, erasoa lehen egunetik arbuiatu zuen ia bakarra, anaiarteko etsaigoengatik beste ezergatik baino gehiago; eta Irango Tudeh alderdi komunista indartsua, sasoi hartan prozesu iraultzailean islamistekin elkarlanean ari zena eta inbasioari aurre egiteko ahaleginean lehen lerroan ipini zena) ezin zituen bazter emanda utzi; bi urte geroago, 82ko azken asteetan, Andropoven buru argiagoaren pean hautua egiteko tenorean aurkitu zirenean, sobietarrek ez zuen zer aukeraturik: errepresioak deseginda aurkitzen zen ordurako Tudeha, eta gerra ez galtzearren borroka egiten aurkitzen zen Irak.
Agerian oso bestela zirudien arren, bazen hala ere Damaskokoa ez beste gobernu bat lehen unetik Iranen aldeko hautua egin zuena: Israelgoa. Agian, zuzenagoa izango litzateke Beginek (ez noski Likud-aren izenean soilik, oposizio laboristaren oniritziarekin ziurki) Iraken aurkako hautua egin zuela esatea, Israelen interes estrategiko gordinenei jarraiki. Eta horri esker egin ahal izan zion aurre, hein batean, Teherango gobernu iraultzaileak S. Husseinen lehen erasoari. Irakeko aire armadak huts egin zuen Irango gerra hegazkinak (estatubatuar modelo modernoenetakoak, Shak Estatu Batuei eskukadaka erositakoak) lurrean suntsitzeko ahaleginean; baina haien balio militarra hutsaren hurrengoa zen Iraultzaren ondoren AEBk ukatzen zizkien konpongaiak eskuratu ezean. Isilpean eta ederki ordainduta, baina bizkor, iritsi zitzaizkion Irani errepostuak, eta 1981erako hegazkin irandarrak Irak bonbardatzen ari ziren... presondegietatik atera berriak ziren pilotuekin gehienetan.
Sintonia bitxi haren adibiderik argienenetakoa, gerraren lehen hilabeetan zertu zen: 80ko irailean irandarrek saiatu arren ezin izan zutena, 81eko ekainean lortu zuten hegazkin irandarrek: Tamuzen Irak eraikitzen ari zen instalakuntza nuklearra suntsitzea.1984 eta 1988 bitartean, zazpi aldiz erasotuko zuen gero Irakek Irango Busher-eko erreaktorea, ia erabat suntsitu zuen arte.
ARGI BERDEA
Are interesgarriagoa da, hala ere, Estatu Batuen jarrera Pertsiko aldearen etorkizuna erabat aldaraziko zuen eraso haren aurrean. Gerraren prestakuntza eta hastapenetan Estatu Batuek jokatu zuten papera inkognita bat da gaurkoz, protagonista zuzenenek (S. Hussein, Carter, e.a.) ez dutelako argitu nahi izan, eta argibide dokumentalek sekretupean jarraitzen dutelako. Zer argiturik badela pentsatzeko motiborik ez da falta, ordea. 1981eko apirilean Sadat lehendakaria eta Fahd Arabiako errege oinordekoarekin goi bilkura baten ostean A. Haig, Reaganen Estatu idazkari berriak idatzitako memorandum ezagunean adierazten zenaren ildoan joango lirateke susmo horietako garrantzitsuenak: “interesgarria litzateke egiaztatzea Carter Presidenteak argi berdea eman ziela irakiarrei Iranen aurkkao gerra has zezaten Fahden bitartez”. Carterrek, bakearen eta giza eskubideen aintzindariaren irudia eskaintzekotan, bere Memoriatan gertaeraren inguruko ia ezer aipatzen ez duen arren, testuinguruak bereziki sinesgarri egiten du susmoa.
1979ko urtarrilean sututako Iraultza Irandarraren ondotik, eskualdean zuten aliatu nagusia, Reza Phalavi sha, galdu ez ezik Estatu Batuek etsai berri bezain sutsuarekin topo egin zuten Khomeinirengan. Eta azkenean barne arazo erabakagarria ere bilakatuko zenari aurre egin behar izan zioten 79ko azaroaren 4tik aurrera: 500 bat ikasle islamistek Estatu Batuek Teheranen zuten enbaxada hartu eta bertan suntsitzeke geratzen zen dokumentu konprometigarriez jabetzeaz gain, bertako 66 funtzionario bahitu zituzten 444 egunez luzatuko zen kinka larrian. Hala moduzko negoziaketa indirektoak saiatzen ziren bitartean, 80ko apirilaren 24-25ean, estatubatuar armadak bahituak indarrez askatzeko saioa egin zuen, Iran Ekialdeko basamortuan porrotik lazgarrienarekin amaitzeko. Biharamunean, hasieratik operazioaren aurkako izana zen C. Vancek Estatu idazkaritza utzi zuen. Lehendakaritzarako hauteskunde urtea izanik, krisia erabakigarria izan zen bigarren agintealdirako aurkezten zen Carterren irudia laidotzeko, eta ordura arte inork oso aintzakotzat hartzen ez zuen Californaiko gobernadorea eta bigarren mailako aktorea, R. Reagan, Etxe Zuriraino goraltxatzeko.
Gauzak honela, ez litzateke bereziki harrigarria A. Haigek Fahden ahotik entzundako argi berdea, S. Husseinek Carterrengandik jaso zezakeena, guztiz egiazkoa izatea. 1990ko udan, Irakek Kuwait okupatu bezperan, Bagdaden estatubatuar enbaxadorea zen April Glaspie-ak jokatutako paper ilunaren protagonista zuzenik ez zen izango, 80ko sasoi hartan AEBk eta Irakek ez zutelako harreman diplomatiko zuzenik, baina ukaezina da gerrari ekin aurretik Saddamek isilpeko hurbilketa diplomatiko ugari egin zituela zerabilen egitasmorako laguntasunak biltzeko, batik bat Iraultza Irandarrerekin asaldaturik zeuden erregimen arabiarrekin eta oso bereziki Saudi Arabia eta Kuwaitekin. Zertaz ari ziren jakiteko motibo guztiak zituzten Fahd printzeak eta Sadatek une hartan. Estatu Batuetan bertan, behin eta berriro hizpide izan zen hauteskundeen azken txanpa hartan agintealdia berritzeko estutasunetan aurkitzen diren presidenteek euren txistera ahaltsutik atera ohi duten ezusteko albiste baikorra edo “October surprise” baten posibilitatea; Saddamen ahotan, gerra hasterakoan, ipini ohi den ahoberokeria (hiru egunen buruan bere armada Teheranen aurkituko zela) edo antzekorik bete balitz, benetan ezusteko atsegina izango zen zeharbidez bederen Carterrek bere hautesleei aurkeztuko ziena.
Litekeena da, haatik, gertaeren esplikazioa horren konspiratiboa ez izatea (politikoki duinagoa izatea erdietsi gabe), eta Carterren akabera politiko aurreikusiaren emaitza izatea nagusiki S. Husseinen erabakia. 80 udazken-aurre hartan, argi zegoen milagrorik ezean demokratek Etxe Zuria galduko zutela, eta munduaz tutik ez zekienaren ospearen zetorren Reaganen administrazio errepublikarrari egintza kontsumatuekin itxaroteko jarrera kasu batean baino gehiagotan gauzatu zen. Argiena, eta Irakek hasi zuen gerratik ezin hurbilagoa, Turkian eman zen, hamar egun lehenago, irailaren 12an K. Evren jeneralak estatu kolpe jo eta errejimen parlamentarioa suntsitu zuenean... NATOren maniobra ofizialak aprobetxatuz putscha antolatu eta burutzeko.
SUNTSIMENDU BIKOITZA
Estatu Batuen inplikazio aktibo nahiz pasiboen atala ezin da edonola ere amaitutzat eman errepublikanoek sasoi hartan egin zutena (Carter administrazioak egin zuena baino are ilunagoa oraindik) kontutan hartu gabe. Egiaztatuta dago garai hartan Reaganen hautagaitzako kide ziren eta gero Administrazioan goren-goreneko ardurak edukiko zituztenetako batzuek (W. Casey, gero CIAko buru izango zenak, bereziki) oso harreman esplikagaitzak izan zituztela irandar agente edo gutxienez mezulari ziren batzuekin. Demokratek beti argudiatu dute harreman haietan Teherango enbaxadako bahituak lehendakaria aldatu arte ez askatzea eskatu zitzaiela irandarrei, eta egia konplitua dena da Reaganek agintea eskuratu biharamunean askatu zituztela. Bidenabar, ezbairik gabekoa da 80ko zubi ezkutu haietatik bertatik bideratu zirela lauzpabost urte geroago Iran-Contra eskandalua sorraraziko zuen arma eta diru tratu hitsak. Baina hori, ondorengoko kapitulukoa litzateke.
Edozein zelarik bere erantzukizuna gerraren hastapenan, Reagan administrazioak, agintea eskuratu eta berehala ipini zuen martxan sarraski hartatik etekin politiko eta ekonomiko handiena lortzeko estrategia. Hurrengo hamarkadan, Clintonen agintealdian kontentzio bikoitza (elkarren artean etsai, baina aldi berean Estatu Batuekiko ere etsai diren biren artean, AEBren ekintza erasokorren emaitzaz, bat garaile atera ez dadin asmatutako burutazioa) deituko zenaren aurrekari isilpekoa, eta askoz ankerragoa, izango zen. Alde batetik, Irakekiko hurbiltze politiko eta diplomatikoak garatuko ziren, Israelekiko adiskidantza gorenak zilegitzen zuen neurrian. Egun Pentagonoko burua eta orduan Administrazio errepublikarraren ingurumenean mugitzen zen aholkulari ahaltsuenetakoa zen D. Rumsfeldek betekizun erabakigarria izan zuen hurbilketa horretan, 83ko abenduaren 19-20an eta 84ko martxoaren 24ean egin baitzuen Bagdadera bisita, S. Husseinekin elkarrizketatzeko. Harreman horien emaitza izango zen 84ko apirilean bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoen ezarpena, 91eko gerra arte iraungo zuena.
Nahiko ageriko harreman horiekin batera eta azpitik, ordea, isilpeko harreman logitisko oso estuak finkatu ziren elkarren aurkako erretolika publikoari muzin egiten ez zieten bi estatuen artean. Rumsfeld Bagdadera joan zenerako, Irakeko armada hasia zen gas pozoitsuak erabiltzen gero eta nekezago atzerarazten zituen eraso irandarrei aurre egin ahal izateko. Geroak (90-91ko krisiaren garaian eginiko ikerketak) argi eta garbi frogatu zuen suntsiketa handiko armen alorrean Irakek egindako ahalegin guztiek Mendebaldeko industria militar edota zibiletan zutela abiapuntua.
Eta inolako eragozpenik gabe garatu ahal izan zituela 80etako hamarkada osoz, Estatu Batuek eta aliatu guztiek haiengatik agertzen ziren salaketa bakanei entzungor egiten zieten bitartean. Italiako Banca Nazionale di Lavorok Estatu Batuetan zuen filialak paper erabakigarria jokatu zuen, adibidez, hornidura haiek ordaintzeko mekanismoan, bertan izandako iruzurraren ikerketak agerian ipini zuenez. Halatsu gertatu bide zen baita ere Erresuma Batuan, Frantzian, Alemania Federalean... Gerra hasterakoan ia osoro arma sobietarrez hornitua zegoen Saddamen armada, munduko armategi konbentzional eta ez konbentzionalaren erakustazoka modukoa zen 1988an, su-etena iragarri zenean: hegazkin eta airetiko misil frantsesak, tanke eta lurretiko misil sobietarrak, erabilpen bikoitzeko teknologia britainiar edo estatubatuarra, gai kimiko alemaniar edo herbeheretarrak...
IRAGANEKO ADISKIDEAK
Eta Estatu Batuen informazioa eta aholkularitza. Gerra luzatu ahala Iraken estutasun militarrak (eta ekonomikoak) handitzen joan ziren, eta haren derrotari onartezina zeritzonen potentziak gero eta sakonago inplikatu ziren Saddami eusteko ahaleginean. Horren baitan ulertu behar da Reagan administrazioak bere espioitza satelite militarren bitartez Irani buruz lortutako informazioa Bagdadi helaraztea. Edota 1988 martxoaren 15etik 19ra Irakeko armada Halabja herri kurduaren aurka gas neurotoxikoz egindako eraso ospetsuari buruzko ikerketa serioenek agerian ipini dutena: bonbardari irakiarrek, beraiekin zihoazen aholkulari militar estatubatuarren laguntasuna izan zutela, eta hartako erabilitako hainbat lanabes (helikopteroak, meteorologia informazioa, e.a.) estatubatuarrak izan zirela. Sarraski haren erantzukizunak epaiketa batean argitzeko zein interes gutxi duten batzuek ulertzen lagun dezake.
Bidenabar, S. Husseinen suntsiketa handiko armei buruz batzuek erakutsi duten obsesioak duen benetako sustraia argitzen ere lagun dezake. Garai hartan Mendebaldeko industria eta armategietatik lehengai eta lanabes pilo ikusgarriak eskuratu zituen Bagdadeko autokratak, eta zortzi urteko sarraski hartan kantitate handiak xahutu bazituen ere, hondar galantak geratu behar litzaizkiokeela kalkulatzen zuten orduan hornitzaile izan zituenek. Nonbait, kalkulu hori ere okerra zen, Estatu Batuetako kamarila horrek egin ohi dituen gehienak bezala.
Benetan azpimarratzekoa horixe baita: historialari batzuek Golkoko Gerra I (80-88ko Iran-Irak gerra), II (90-91ko Kuwaitekoa) eta III (egun Iraken duguna) deitzen hasi diren horien guztien protagonista nagusien berdintasuna: Saddam Hussein eta bere ingurumen sunnia, Arabiako Saud familia, Bush familia, Al Sabbah familia, Bin Laden familia, Rumsfeld, Cheney, Irango erregimen xiia (azken hauteskundeak Rafsanjanik irabazi izan balitu, beste aspaldiko bat izango genuen egungo gatazkan), Irakeko xiismoaren buruak… Aliantzak eta etsaigoak aldian-aldiro aldatzen dira, baina protagonistak eta gidoia, gerra-gidoia, ia batere ez.
Agian horregatik da iraganeko hura gogoratzeko gogo falta. Egun egungoa litzatekeelako.
Zortzi urte odolusten
1980
Irailak 22
1975ean Algeren sinatu zuten hitzarmena hautsitzat eman eta bost egunetara, Irakeko armadak bi frontetan erasotzen dio Irani: Erdialdean Khorramabad aldera, eta Hegoaldean, Khuzestanen, Ahwaz hiribururantz eta Khorramshahr eta Abadan, Xatt al Arab-eko portu nagusien aurka. Hegazkin irakiarrek huts egiten dute Irango abiazioa lurrean suntsitzeko ahaleginean. Astebete geroago, NBEren Segurtasun Kontseiluak 479 Ebazpena argitaratzen du, bakea eskatuz baina erasoaren nondik norakoa zehaztu gabe.
Azaroa
Carterri irabazi ondoren, Reagan lehendakari Estatu Batuetan. Irakiarrek Khorramshahr eta Abadan hartzen dituzte, bonbardaketa latzen ondoren. Elkarren petrolio instalakuntzak bonbardatzen dituzte alde biek. Boluntario multzo handiak mobilizatu eta Shah-ren garaiko koadro militarrak presondegietatik frontera bidaltzen hasten da Iran. Aliantzak ere argitzen hasten dira: Jordania, Arabia eta Golkoko estatutxoak Iraken alde; Siria eta Libia, Iranekin.
1981
Lurreko gerra ez atzera eta aurrera dagoen bitartean, alde bietako hegazkinak aurkariaren gune estrategikoak suntsitzen saiatzen dira.
Urtarrilak, 20
Reagan lehendakaritzaz jabetzen da. Biharamunean, Teherango enbaxadako bahituak libre geratzen dira.
Ekainak 7
Israeldarrek Tamuzko instalakuntza nuklearra suntsitzen dute. Segurtasun Kontseiluak gaitzetsi egiten du erasoa, baina Likudek hauteskundeak irabaztea lortzen du hilaren amaieran.
Ekainak 20
A.H. Banisadr, Irango presidentea bere kargutik kendu eta Ali Rajai ipintzen du haren ordez Parlamentuak, krisi politiko luze baten amaieran. Ondorengo hilabeteetan, Rajai eta beste hainbat buruzagi khomeinista Mujaidin e-Khalk ezkerreko erakunde laikoren atentatuz hilko dira, errepresioak haietako ehunka militante torturatu eta urkatzen dituen bitartean. Banisadr-ek Europara ihes egingo du, Mujaidin iheslariek Iraken babesa bilatzen duten bitartean.
Irailak 27-29
Iranek berreskuratu egiten du Abadan, ia erabat suntsituta bederen. Gerraren joera aldatzen hasi dela adierazten du. Irandar petrolio trafikoa hegoaldeagoko portuetatik bideratzen ari da jada.
Urria
Sadaten hilketa. Libanoko gerra gogortu egiten da eta Israel inbasioa prestatzen hasten da.
1982
Gerra aurretik Irakeko lurraldeak zirenetara etortzen da frontea, baina lehen S. Husseini Khuzestango arabiarrekin gertatu bezala, irandarrek ere ez dute gerrarako laguntzarik aurkitzen Irak hegoaldeko xiiengan.
Otsaila
Anaia Musulman sunnien matxinada Siriako Hama-n; R. al Assaden errepresioak 10.000 hildako eragiten ditu.
Apirila
Kontraerasoan, irandarrek Irakek Faon zituen petrolio instalakuntzak suntsitzen dituzte. Ia aldi berean, Siriak Banias petrolio-hodia itxi egiten du otsaileko matxinoak Irakek bultzatu zituela argudiatuz. Ondorioz, Iraken diru sarrerak biziro murritzen dira eta gerraren gastuei aurre egiteko zailtasunak ditu; Golkoko Estatuen Elkargoak bere diru-laguntza agintzen dio, Frantziak hegazkinak eta misilak saltzen dizkion bitartean.
Maiatza
Irandarrek Khorramshahr berreskuratzen dute, kalte handiak nozitu arren. Saddamek bake eskaintza bat egin eta 80ko mugetara erretiratzeko prest agertzen da, baina Iranek biribilki uko egiten dio kalte ordainak ere ematen ez zaizkion bitartean, eta kontraeraso berriak antolatzen ditu. Irandar lurralde zatitxoak baino ez dira geratzen Irakeko armadaren eskuetan.
Uztaila
Ramadan Operazioa abiarazten du Iranek, Basora hartzeko helburuarekin. Aldi berean, Teherandik zuzenduriko Al Dawa erakundeak S. Hussein hiltzeko saioa egiten du Al Dujail-en, kale eginez. “Giza olatuak” erabiliz pasdaran eta basij-ek Basoraren aurka eginiko erasoak ere porrot egiten du, irakiar artilleriak eragindako izugarrizko galerak pairatu ondoren. Urrian, Mandalin errepikatuko sarraskia. Sobiet Batasunak arma berriak helarazten dizkio Iraki.
1983
Iranek gerra konbentzionalerako dituen baliabide guztiak ustiatu arren, ez du aurrerapenik lortzen irakiarren defentsa sendoengatik. Gudari galera ikusgarriak pairatzen dituzte alde biek: 120.000 irandar eta 60.000 irakiar hilda, urtean zehar.
Maiatza
Irango gobernu islamistak, sobietar diplomatikoak kanporatu, Tudeh alderdi komunista legez kanpo ipini eta errepresio bortitza hasten du haren aurka, Estatu Batuetatik isilpean helarazitako informazioen ildoan.
Uztaila
Irandarrekin aliatuta, Barzaniren KPD kurduak Irakeko indar armatuei erasotzen die. Aldiz, haren aurkaria den Talabaniren KBA Bagdadeko erregimenarekin hitzarmenetan ipintzen da autonomia lortzeko.
Abenduak 19-20
D. Rumsfeld Bagdaden S. Husseinekin elkarrizketatzen da; Estatu Batuekiko harremanak agerikoak eta estuak bilakatzen dira.
1984
Gatazka negoziaketa mahaira eramateko estrategiari ekiten dio Irakek, aurkaria baino askoz babestuago aurkitzen delako, besteak beste. Bera ere militarki ahituta egon arren, Khomeiniren erregimenak uko egiten dio, ordea. Arma kimikoak masiboki erabiltzen hasten da Irak. 300.000 irandar eta 250.000 irakiar hil edo zauritzen dira urtean zehar.
Otsaila
Hirietako gerra eta Petroliontzien gerraren hastapena. Alde batetik, misilez eta hegazkinez, aurkariaren hirigune nagusiak erasotzeari ekiten diote bi etsaiek. guztira, Irakek 361 Scud-B jaurtiki zituen 82tik 88ra Iranen aurka, eta 160 inguru Al Hussayn misil 1988an Teherango konurbaziorantz. Iranek 117 Scud (Siria eta Libia aliatuek helarazitakoak, nagusiki) jaurtiki zituen gerra osoan, gehienak Bagdaden aurka. Kalte zuzenak txikiak izan arren, beldur ikaragarria eragiten dute hiritarren artean alde bietan.
Apirila
Estatu Batuek Irakekiko harreman diplomatikoak, 60. hamarkadatik etenda zeudenak, berregiten dituzte. Maiatzean, laguntasuna adieraztera datozkion Mubarak eta Hussein erregearen bisita hartzen du Saddamek.
Maiatza
Gerora Iran-Contra afera izango denaren lehen urratsak ematen dira. Saudi Arabia Nicaraguako contrak finantzatzen hasten, AEBko Kongresuak ezarritako betoa saihestu nahi duen Reagan Administrazioaren eskariz; iruzurraren amaieran, Irani armak eta errepostuak saltzen zaizkio isilka.
1985
Elkarren azpiegitura ekonomikoak, batez ere petrolio instalakuntzak, suntsitzen eta hiriguneak bonbardatzen saiatzen dira alde biak, hegazkinez eta misilez.
Martxoa
Berriro irandarrek Basoraren aurka egindako erasoak porrot egiten du.
Iraila
Estatu Batuek Israelen bitartez helarazten dizkion hornizio militarrak jasotzen hasten da Iran.
1986
Petroliontzien gerra hedatzen da, gatazka internazionalizatu asmoz: 111 izango dira urtean zehar erasoak.
Otsaila
Irandarrek Faoko penintsula estrategikoa hartzen dute Xatt el Araben, baina apirilean berriro galdu egiten dute.
Martxoa
Perez de Cuellar, NBEren idazkariak arma kimikoak erabiltzea leporatzen dio Iraki.
Maiatza
Irakiarrek Mehran hartzen dute, uztailean berriro galtzeko.
Urria
Talabaniren KBAk ere Iranekin hitzarmena egin eta Bagdadeko erregimenaren aurka matxinatzen da.
Azaroa
Beiruteko aldizkari batek Estatu Batuek Irani eginiko arma salmentak ezagutarazten ditu: Irangate afera pizten da.
1987
Hego frontean hamaika ofentsiba egin arren Iranek ez du aurrerapenik txikiena ere lortzen; aldiz, Kurdistanen gerra oldartu egiten da, petroliontzien eta hiriguneen aurkako bonbardaketek jarraitzen duten bitartean.
Martxoa
KPD eta KBAren ofentsibari aurre egiteko, Al Majid haien aurka arma kimikoak erabiltzen, herrixkak suntsitzen eta kurduak masiboki deportatzen hasten da (Anfal kanpaina: guztira, 50.000 eta 175.000 bitartean zenbatu ohi dira hildako kurduak).
Maiatzak 17
Hegazkin irakiarrek USS Stark gerraontzia erasotzen dute, 37 marinel hilez; Reaganek Irani leporatzen dio errua.
Abuztua
Erromes irandarren hilketa Mekan.
Iraila
Estatubatuar eta irandar ontzien arteko gatazka zuzenak hasten dira, petroliontzien gerraren ondorioz.
1988
Superpotentziak Pertsiar Golkoan zuzenki direla, gerra urratsean sartzen da.
Martxoak 16
Halabjan, Irakeko armadak lau bat mila kurdu hiltzen ditu gas neurotoxikoz. Hasiera batean, Estatu Batuek Bagdadekin bat egiten dute errua Irani leporatuz.
Apirila
Irakek masiboki erabiltzen ditu arma kimikoak Faon eta Mehranen.
Uztailak 3
USS Vincennes gerraontziak Airbus irandar bat botatzen du, 290 lagun hilaraziz.
Utzailak 20
Nazio Batuen bitartekaritzat Ginebran lortutako su-eten hitzarmena ontzat ematen du Iranek. “Pozoi ontzikada bat edan beharra bezala dela” dio Khomeinik.
Abuztuak 20
Gerra ofizialki amaitzen da.
|
|