oooo

Mikelazulo Kultur Elkartearen 10. urteurrena
(Hika, 167-168 zka. 2005ko ekaina/uztaila)

1995. urteko ekainaren 9an ireki zituen Oreretako Mikelazulo kultur elkarteak bere ateak. Hamar urte pasa dira jada eta, abagune horretaz baliatuz, maiatzean hasita ekitaldi ugari antolatu dituzte Mikelazulokoek. Egun hauen xedea hala ere iragana baino gehiago oraina eta etorkizuna ospatzea izan da, hamar urteotan bezala egun hauetan zehar sormena gozatuz, bultzatuz eta aldarrikatuz.

Hamar urteotako gogoetak plazaratu nahi izan dituzte halaber Mikelazulokoek. Horretarako sortu dute TTor-ttor izeneko pertsonaia, kulturaren inguruko hainbat gogoeta egiten dituen antzerki ikaslea, Pasai San Pedroko burututako ikuskizunean zein Mikelazuloko eskainitako erakusketan (batean zein bestean, artista ugarien parte hartzearekin) bere isla izan duen izaera biziko pertsonaia.

AITZAKIARIK EZ!!!: edo nola sor litzakeen patata batek eskenatoki batean zirkulo konzentrikoak

Ttor-ttor (2 ttor) ez da aktorea, baina antzerkia maite du. Ttor-ttor ez da poeta, baina antzerkia poesia akzioan dela uste du. Antzerkiaren bidez ametsak irudikatuz, amets horiek pixkat errealagoak bilakatuko direlakoan bizi da.

Ttor-ttor antzerki eskola batean dabil murgildurik, antzoki zahar batean dagoen eskolan. Antzerki klaseak jasotzea noski, garestia da. Halako batean Ttor-ttorri instituzioek ematen dioten beka eskasa kendu egin diote, eta diru iturririk ezean, antzerkia egiteko beharrarekin gelditu da aurrez aurre. Zenbateraino merezi du borrokatzeak horren gutxietsia dagoen lanbide batengatik? Antzerki konpainiek subentzioekiko duten menpekotasuna aktoreenganaino iritsi ote da? Zenbateraino da benetan antzerkia behar bat? Antzerkiaren egoera eta kulturarenak oro har parekoak ote dira?

Klaseak amaituta, irakasle eta klasekideak etxera joan eta antzokian gelditu da Ttor-ttor. Antzerkia ikasten jarraitu nahi badu antzokian bertan egin beharko du lo bolada batean, ezkutuan bada ere, ideiak argitu arte bederen.

Une batez Ttor-ttorrek entseguetan atrezzorako darabilten patata bat hartu eta eskenatokiaren erdira bota du, sekulako zarata atereaz. Ondoren isiltasuna. Ttor-ttorren irudimenean patata laku batera jaurtitako harria da, uretan zirkulu kontzentrikoak sortu dituen harria. Irribarre batez, koadernoa hartu eta idazten hasi da, antzokiko isiltasunari begira:

1. zirkulua: SORMENA ERREALITATEAN. Sormena bizitza akzioan da. Sormena gizartean dago eta gizartetik dator, sortzaileak jakin ala ez, jakin nahi ala ez. Sormena harriaren ametsa nahiz amesgaiztoa izan liteke, batez ere harria tanke baten aurka jaurtia denean (Harriak ezin dira jan, baina patatak gogoan elikatzen zaituenak ere defenda zaitzake).

2. zirkulua: ELKARTZEAREN GARRANTZIA. Elkartzea ere arte bat da, zaila bezain funtsezkoa. Elkartzea aukera bat da; aukera zaila izanik erosotasuna, konformismoa eta muturreko norbanakotasuna ditu etsai nagusi. (Aitzakiarik ez, mugak gugan daude).

3. zirkulua: KULTURARTEKO ZUBIA ETA ALDARRIKAPENA. Sormena kultur ezberdinen arteko beldurrak, utopiak, kezkak eta aldarrikapenak amankomunean jartzeko zubi bat izan liteke. Bi gose mota daude: gorputzarena eta arimarena. Inperialismo globalizatzaileak biak erasotzen ditu, erasoak erasotu ditzakeenak erosotuz. Biak asetzea defenditu behar da, hitzak baino areago ero sutuz.

4. zirkulua: KALEA ERAKUSLEIHO. Kalea bizitza beraren eskenatokirik oinarrizkoena izan liteke. Kalea eskenatokirik naturalena izan liteke baina hori ere txosten, zenbaki, baimen bilakatu dute, bai(a)men. Kalea ez da funtzionariena. Kaleko artea pankartarik gabeko manifestazioa da. Beharrezkoa denean erakusleihoaren kristala apurtu eta kanpora salto egin behar da.

5. zirkulua: INSTITUZIOEN GOTORLEKUAK. Kultur Etxeak aterik gabeko gotorleku ederrak dira (gehienetan), barruan bizi denaren zerbitzura eta neurrira eginak. Kultura instituzioek abandonatutako haurra da, erreformatorioan sartzea du eskaintza bakarra. Kultur Etxeen erbestean bizi da kultura, sakabanaturik.

6. zirkulua: HIZKUNTZAN. Oraino hizkuntzara goaz, baina batez ere hizkuntzaN bizi gara. HizkuntzaN sortu, maitatu eta gorrotatzen dugu. HizkuntzaN gozatzen ditugu hitzak nahiz isiluneak. HizkuntzaN ez dago mailua, eskua baizik. Hitza mailua da, ez iltzea, ez hiltzea, ez ISiltzea. Eskua ukatzen duena besamotza da, uka-lo-hondoa.

7. zirkulua: SORMENAREN MILA AURPEGIAK. Sormenak mila aurpegi ditu. Denek dute begirada, ezpainak, mingaina... musikak, dantzak, pinturak, antzerkiak, poesiak, eskulturak, elkartasunak... bakoitzari ematen ahal zaio muxu, zenbaitetan mingaina sartu eztarriraino, eta beti da ezberdina, beti da berria (hortzak garbitu, badaezpada).

Koadernoa baztertu du Ttor-ttorrek. Lehenengo gaua du antzokian lo egiten eta sortzeko grina borborka sentitzen du. Oroimenaren oihartzunez osatzen da antzoki zaharren hustasuna, eta Ttor-ttorri pentsamendu lasaigarri bat etorri zaio burura: batzuetan urrats ero-txiki bat emateak sormenaren sukar asegaitza lasaitzen du, ispiluari egindako irribarreak ezpainekin idatzitako hitzak bailiran.

Ttor-ttorri butakak, kamerinoak eta eskenatoki zaharra bilakatu zaizkio aterpe. “Ametsak gauzatzeko modu bitxia” pentsatu du, oihal beltzen artean lotarako prestatzen delarik.