Mikel Larraz
M-1: Hausnarketarako ekarpen xume batzuk
(Hika, 153-154 zka. 2004ko martxoa-apirila)
Denboraz nahiz logikaz, sekuentzia askaezina osatuko dute historiarako Martxoaren 11ko Madrilgo atentatu izugarriak eta ondorengo igandean Espainiako hauteskunde orokorretan izandako ezusteko emaitza elektoralak. Hamaika hitz egin da bien arteko lotura horretaz, ikuspegi guztietatik, eta segurki gerora ere hizpide izango da bien arteko harremana, martxoaren 10era arte inork igartzen ez zuen iraulketa elektoralak betiere esplikazioren bat beharko duelako. Hala ere, luzaroragoko hausnarketarako bederen, berezitu beharrekoa egitate ezberdinak ere badira atentatua eta hauteskunde emaitza eta, bikotearen bigarren osagaia ondorengo orrialdeetan hobeto hausnartuta aurkituko duzuelakoan, zilegi bekit kronhika honetan hauteskundeetaz zertxobait ahantzi eta M-11ko atentatuaz ia soil-soilik jardutea.
2001eko Irailaren 11an New Yorken jazotako sarraskiarekin kidetu da behin eta berriro Madrilgo M-11koa. Ez da zentzurik gabeko konparazioa, ikuspegi askotatik. Besteak beste, erasoaren magnitude edo tamainari dagokionean, badute hurbiltasunik (AEBkoa, proportazionalki ere, arras handiagoa izan zen arren hildakoen kopuruz, Madrilgo zaurituen ugaritasunak berdinduko lukeelako oinazearen neurri latz hori). Egileen joerari edota kaltetuek nozitu(ko) dituzten ondorio psiko-sozialei dagokienean ere antzekoak lirateke. Ez horrenbesteraino, ordea, egileen modus operandian edota ekintza egiteko erabilitako prestakuntzan eta baliabideetan. Ezta ere atentatuaren ondorio ekonomikoetan, batez ere nazioarteko finantza joan-etorriari dagokionean. Berehalako ondorio politikoetan legoke, dudarik gabe, alderik handiena, PPri gertatu zaiona ikusita…
Antzik handiena, sakonena, hala ere, kolpe politikoa jaso duten gobernuen erreakzioetan aurkituko nuke nik, nahiz eta atentatuaren ondorengo lehen orduak Nebraskako bunkerrean edo auskalo non sartuta eman zituzten Bush eta Cheneyren, eta hiru egunez aldian aldiro telebistan agertuz aritu den Aznar-Acebes tandemaren jarrerak guztiz kontrakoak diruditen, lehen gainbegiradan. Inolako erantzukizun politikorik ez eta hutsegite funtzionalik onartu gabe, aldez aurretik erabakitako diskurtso politiko bat, gertaerarekin zehazki zerikusi eskasa duena, haizatu eta gogortzeko hautu amankomunean erreparatzea nahikoa da, ordea, kidetasun ikusgarriaz jabetzeko. Paralelismoa, are izugarriagoa bilakatzen da gertaeraren benetako nondik-norakoari jaramonik ez egiteko jarreraren berdintasunean: urtebete behar izan zuen Etxe Zuriak ikerketa batzorde ofizial bat antolatzeko (eta, erabakia hartu zuenean, H. Kissinger zahar bezain fidagaitzaren zuzendaritzapean ipintzea besterik ez zitzaion otu). Espainian, oraingoz inork ez du ikerketa batzorderik osatzeko kinadarik ere egin. Agi denez, zer ikerturik ez dago. Biolentzia politiko nahiko aipagarria pairatu duen herrialde batean azken 15 urte hauetako bitkima kopurua hiruzpalau minututan biderkatu duen atentatu horretan den-dena argi-argi balego bezala.
Polizia-ikerketez dakigunaren partzialtasunaz jabeturik ere, ilun, oso ilun ikusten dut nik M-11koaren aurrekoa nahiz ondorengoa; eta ez dut uste den-dena nire adimen/ikusmen eskasia nabariagatik denik. Atentatuak nortzuk, non, noiz, nola eta zergatik prestatu eta burutu zituzten zehazki jakiteko irrikari eusteko gauza banaiz ere, haren ondoren jazotakoak, neure sudur aurrean gertatu zirelako edo, berehala argitzen hastea nahiko premiazkoa iruditzen zait. Hauen inguruan, gainera, ez dago, nik dakidanez, auzibiderik martxan epaitegietan eta, bidenabar, ikerketa batzordeak edo antzekoak antolatzeko inolako eragozpenik ez luke egon behar. Bestela, I-11koarekiko kidetasuna askoz latzagoa izango da hemendik aurrera: egiazko gertaeren inguruko iluntasuna.
Aznarren gobernuak, erlojuaren kontra lehiatu eta galdu duen lasterketa bat bezala ikusi nahi izan dute/dugu askok zoritxarreko ostegun goizean hasi eta hein handi batean katartikoa suertatu zen igande gauera bitartean jazotako guztia. PPko agintaritzak, inertziaz eta ezjakintasunez lehenik, maleziaz gero, komenentziaz beti, sarraskiaren erantzukizuna ETAri leporatzeko hautua egin bide zuen lehen instantetik, jakinik bertsio horren egia-itxurak hautestontziak itxi arte irauten bazuen garaipen elektorala ez ezik gehiengo absolutua ere berea izango zela Martxoaren 14ean. Eta egitasmo sotil hori zapuztera etorriko ziren, aski deliberatuki, oposizioaren beso mediatikoak eta haiei argibideak eman dizkieten hainbat polizia eta antzeko. Funtsean, kontraesan elektorala atentatuaren inguruan hezurmamitu bide zela ostegunetik aurrera. Ohiko eta legeak ezarritako arau guztien gaindi, noski, hain gertaera latz eta ezohikoaren aurrean logikoa ere badenez.
DIKTAT. Ez dakit, hala ere, ikuspegi honek ez ote duen benetan gertatua, esplikatu nahian, aski desitxuratzen. Lehenik eta behin, Aznarren gobernuak ETAren juzgu egitearen nondik-norakoaren auzia mahairatzen du. Eta eskura ditugun datuen arabera, batere argi ez legokeen gorabehera litzateke hauxe. Ez baita inondik inora berdingarria edozein herritar arruntek ETAren, edo dena delakoren, juzgu egitea halako edo bestelako gertaera baten aurrean dituen datu urri, partzial edota okerrekin... eta gobernu batek (hobeto esanda, gutxienez bik) juzgu hori berori egitea, plazaratzea eta mantentzen saiatzea. Gizalegez eta fede onez hori egitea, esan nahi dut. Edota arestian euskal erakunde armatuak Espainiako nahiz Frantziako polizia indarrentzat eta informazio zerbitzuentzat duen transparentzia handia (ez naiz ausartzen erabatekoa esaten) behin eta berriro ikusi ahal izan ondoren, sinets ote dezake inork M-11koa gertatu eta ordu gutxitara, oso ordu gutxitara, bi estatu horietako estatu aparatuak itsutasunean egon zitezkeenik ETAren benetako erantzukizun ezaz? Edota elkarren artean hitz egin eta behar adinako informazio trukeak egin ez zituztenik? Nondik norakoa zen, alajaina, munduko burtsa guztietan segituan hedatu zen ikuspegia, ohi bezala gero ikerketek erakutsi dutena lehen unetik ziurtzat jo zuena?
Aznarren gobernuak egin, plazaratu eta mantendu nahi izan zuen juzgu horretan ezjakintasun eta itsukeriaren ordez egitasmo politiko oso deliberatua eta sakona kausitzen dut nik behintzat. Agerikoak eta ezagunak diren datuak eta iturri fidagarrietatik datozen beste zenbait gurutzatuta agertzen den panorama, izan ere, kezkagarria baita: atentaturen ondorengo uneetan ordubetean, luze jota, diktat politiko bat eman eta hura egia bihurrarazteko plangintza bat burutu bide zuen Aznarren ekipoak, biktimenganako laguntza borondate onez betetako kaos batean murgiltzen zen bitartean. Beti ere, bertsio oker bezain interesatu haren defentsan beste batzuk Ibarretxe, hedabideak, diplomazia, nazioartea… aurretik botaz, gainera.
Une berean, herioaren trenetan eztanda egin gabe geratutako motxilak leherrarazten zituzten Tedax ekipoek; kasuren batean, trenetik atera eta nahiko urrutira eramanda zegoenean ere bai. Ez naiz aditua norbaitek hartutako erabaki horren zuhurtzia epaitzeko, baina naturak eman didan zentzu eskasa aski dut beranduago komisaria batean ezustez agertu zen azken leherkariari esker lortutako argibideengatik izan ez balitz egun polizia-ikerketa zertan egongo zen kalkulatzeko. Lehen ordu erabakigarri horietan polizia-egituraren gorenean gertatu bide ziren liskar larriez, zurrumurrua baino asko gehiago ez diren bertsio interesatu eta partzialak baino ez ditugu izango inoiz, seguruenik. Are gutxiago, ikerketa ofizial eta garbirik egin ezean. Baina nahiko ziurki esan daiteke gerora, batik bat SER irrati-katearen bitartez, kaleratzen joango ziren argibide garrantzitsuen sorburua hor nonbait egon dela, beti ere. Eta hortik aurrera, erlojupeko proba baino gehiago, pistako pertsekuzio proba izan zen ostegunetik larunbat gauera bitartekoa.
Fikzioa jendaurrean hainbat orduz mantentzea zela Aznarren benetako helburua, deliberatu bide dugu gehientsuenok gertakarien bilakaeraren aurrean. Ez dakit, egiazki, horren tolesgabeak izan behar ote genukeen. Argi dago lehentxeago edo geroxeago egia (berak ordurako ondotxo ezagutzen edo behintzat sumatzen zuena; CNIren inteligentzia, zortzi egun geroago Aznarrek berak desklasifikatu duen ohartxo horretan ageri dena dela sinesten duenari, bejondeiola) argiro ager zitekeela pentsatuz erredaktatu zela ostegun eguerdiko Aznarren adierazpenaren testu antologikoa. Baina nazioarteko erakundeak, NBEtik hasita, okerreko bidetik abiarazteko urratsa eman duenak, atzerabide eskasa uzten dio bere buruari, noski. Norbaitek argudia dezake horrexek frogatuko lukeela PPko gobernua, behintzat, fede onez ari zela bere ikuspegi okerra haizatzen… Ez da nire uste apala, eskura ditudan datuek osatzen didaten testuingurua kontutan hartuta. Aldiz, okerra zela jakinda ere ETAren erantzukizuna behin betirako finkatzeko politika aktiboak gauzatzeko gai izan beharko zuela PPko gobernuak, pentsatu beharko litzateke. Leherkariari buruz, iritzi publikoari ez ezik beste herrialde batzuetako segurtasun zerbitzuei helarazitako argibide okerrak horrelako zerbaiten hastapen ez balira, kasualitate ederra litzateke.
ETAren aurkako adierazpen okerrak egiteagatik ez ezik erakunde horren aurkako pentsamendu gaiztoei geure adimenean leku egiteagatik barkazio eske aritu behar genukeela esaten ari direnetako batzuek, agian, borroka armatu horren etorkizunari buruzko gogoetekin tartekatuz, ordu horiei buruzko hausnarketa oso serioa egin behar lukete. Erakunde armatuak, minutu bakan batzuen buruan eman zezakeen (eta, ezinbestez, epe horretan eman behar zuen) ezezkoa emateko, 36 ordu behar izanaren arazo oso adierazkorra abiapuntutzat hartuz, adibidez.
KAPUT. Gertaeren zehaztapenean zer ikertu eta hausnarturik badago, zergatien azterketari dagokionean ia dena egiteke dagoela esan genezake. Arian-arian argitzen joan den egiari oraindik ere ezikusiarena egin nahi dioten heinean, Aznarren gobernuak eta haren inguruko orkestra mediatiko eta intelektualak ez du azterketarako ekarpenik txikiena ere egin. Eta hauteskundeen ondoren oposizioaren aulki gogorrean eseri beharrean aurkitzen direnez, ez dirudi berehalakoan egin asmo dutenik, agintea ostu dieten horiei doaneko laguntzarik ez eskaintzeko, beharbada. Aurkari politiko horien aldetik ere, ordea, ez da sakontze-lan handirik egin, ia intuitiboki edonori ostegunean bertan, gauzak argitzen hasi bezain azkar, bururatu zitzaiona baino haratago: «Irakeko abenturaren ordainak dira hauek».
Egia konplitua izanik, seguraski irizpide horrek ez du hausnarketa serio baten lehen urratsa baino gehiago barneratzen. Sinesgarriak diruditen erreibindikazio guztietan aipatu da Irakeko auzia, eta ez da aztia izan behar Aznarrek Azoreetan antzeztu eta gero Diwaniyan mamitu duen inplikazioak islamismo militante erradikalenaren etsaigoa bereganatzen duela egun. Horri eransten badiogu hauteskunde batzuen parada, Espainiak alor horretan eskaintzen dituen erraztasun aipagarriak, eta etxeko etsaiekin itsututa dagoen gobernu bat… M-11ko erasoa, kasik iragarritakoa litzatekeela esan genezake. Erantzukizun politikoen kitamendua, polizia-jardueraren aldaketa serioa eta abar luze bat gabe, errepika litekeena.
M-11koak, hala ere, nazioarteko politika abenturari baten ordain latzarena baino sakonagoko arazoak aurpegiratzen dizkio Espainiari, edozein delarik bere gobernua. Ekintzaren ildo nagusiek (gehienbat ekintzaile marokoarrek egina izatea, dirudienez; bertatik bertara eskuratutako baliabide xume bezain arruntez baliatuz; sarraskiaren tamaina izugarriak erakarri duen eragin politiko sakona…), irakurketa globalaren gainetik edo ondoren, ikuspegi lokalaz ere begiratzea ezinbestekoa egiten du: gero eta kontrajarriago aurkitzen diren bi esparru geopolitikoren terminal diren bi herrialde, elkarren artean auzi historiko ezagun eta sakonak dituztenak, bien arteko jende-fluxu handi bezain desberdinekin…
Seguruenera, ostegun latz honetako gertakarietan, ikuspegi lokal horrek ez du zerikusirik izan, edo behintzat bigarren mailakoa izango litzateke berau, eragin globalaren aldean. Baina horrek ez du esan nahi oraingoan funtzionatu ez duen faktoreak etorkizunean joka ez dezakeenik, batez ere lehengaia (gatazkak, ekintzaileak, baliabideak,…) bertan daudenean. Egun jazargo globalek betetzen duten papera, arazo lokalen baitan gera daiteke berandu gabeko etorkizunean, honenbesteko ongarria duen testuinguru geopolitikoan.
M-11koa errepika ez dadin jarraitu beharreko politika zertzeko oinarri-oinarrizko gogoetak izan behar lukete honetatik ondorioztatzen direnak. I-11koaren ondoren AEBn barne-segurtasunerako nahiz kanpo-politikarako hartutako erabaki gehienak nahiko deliranteak izan badira, haien gisakoak Estatu espainolean zuzenki suizidak gerta daitezkeelako.
|
|
|